GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabier Isasi eta Imanol Esnaola Gaindegiko lehendakaria eta idazkaria

Euskal Herria 2010 ispiluaren aurrean

Gure herriak inoiz izan duen belaunaldirik trebatuenak ez ote du merezi bere inguru fisiko, natural eta ekonomikoa ezagutzea?

Nafarroa Garaiko Auzitegi Gorenak Euskal Herria existitzen ez den eitea dela esan berri digu eta, ondorioz, Euskal Herria izendapena ez dagoela testu liburuetan baliatzerik. Paradoxa, ordea, hortxe dago, ukatzeak berak aitortzen diola izatea. Antzeko zerbait gertatzen zen Huescako araudiek Erdi Aroan euskara eta beste hainbat hizkuntzen erabilera debekatzen zutenean. Horrek berak agerian jartzen zuen debekatua izan arren, garai hartan mintzatzen zela lurralde horretan, eta, beraz, bazela. Bitxia da XXI. mendean inor Euskal Herria badela ukatzen ibiltzea edo bere inguruko ezagumendua ezkutatzen saiatzea. Ukazioak, ordea, ezin ezkuta dezake errealitatea. Halere, gure herriak inoiz izan duen belaunaldirik trebatuenak ez ote du merezi bere inguru fisiko, natural eta ekonomikoa ezagutzea?

Izena duena bada, esan ohi dugu, alabaina, dena ez da existitzen izendatze hutsagatik. Debekatutakoak, ukatutakoak, halaber, ez dio izateari uzten debekatu izanagatik bakarrik.

Jolas-parke eta zirkuetako atrakzioen artean ispiluen aretoa izan ohi zen deserosoena. Lehoien izaera basa edo akrobaten trebeziari mira egiten genion. Ispiluek, ordea, geure buruaz islatzen ziguten deformazioak hasierako ustekabekoa gaindituta, larritu egiten gintuzten. Deformatutako irudi haietan ez genuen geure burua ikusten. Are gehiago, islatzen zuten irudia hain zen itsusia eta elbarria, izugarria iruditzen zitzaigun.

Gure errealitate ekonomiko eta sozialaren aurrean antzekoa gertatzen zaigu. Datu eta ikerketen multzoan hainbat ispilu eskaintzen zaigu, baina bakar batek ere ez gaitu islatzen garen osoan. Lehen ere ispiluen txokoan ispilu bat falta izaten zen eta oraingo honetan ere antzekoa gertatzen da, zatitu edo deformatu gabe islatzen gaituen ispilua ments izaten dugu. Ispilu horren gabeziak, geure irudimenaren bitartez beste bat eraikitzera eraman gaitu. Gure irudimenak irudi hain indartsua eraiki du ezen diasporako euskaldunen bilobek, euskal lurra zapaltzerik izan ez dutenak barne, arbasoen lurrarekin egiten dutela amets. Ispilu hori, zorionez, ez digute inoiz ebatsi, kantuak dioen moduan, «guria da ta».

Aurrera egitearekin batera irtenbideak bilatzeko, ordea, argazki eguneratua behar dugu. Mundu honetan bizi den eragile oro behartuta dago horrela jardutera, baita Euskal Herria ere.

Gaindegia osatzen dugunok Euskal Herriaren irudia islatuko duen ispilua eraiki nahi genuke, ispilu hori geuk zizelkatzeko ardura hartu dugula esan daiteke. Izan ere, aurrean inoiz izan ez dugun ispilu horretan ere ikusi nahi genuke geure burua. XIV. mendean euskara debekatzen zen bezala egun oraindik zentsuratzen den hori ikusi nahi genuke, hain zuzen.

Beraz, nazio gisa bizi duguna ezagutzeko premia nagusitzen zaio gainerakoari. Gertaerak bata bestearen atzetik ziztu batean datoz, eta hauek dakartzaten ondorioak ere bai. Geure irudimenean bizi den ametsak, ordea, ezin eragotz lezake bizi dugun eraldaketa.

Euskal Herriak bere burua ispilu sozioekonomiko eguneratuan ikusi behar du, eta ispilu hori angelu anitzekoa bada, hobe.

Udaberri honetan argitaratutako laugarren «Gaindegia Txostena» norabide horretan doa. Oinak lurrean nahi dituen ororentzat berritzailea izan nahiko lukeen txostena da. Oraindik nabarmena den arren behar dugun ezagumendu maila eta horretara iristeko ditugun baliabideen arteko aldea, argitalpen honetan aditu multzo kualifikatua bildu dugu Euskal Herriko ekonomia eta gizarteaz jarduteko. Gutizia hutsa.

EAEko lehendakari (1998-2009) Juan Jose Ibarretxek, hitzaurrean, gaur egun norberaren identitateari eusteak ekonomia zein gizartea garatzeko duen garrantzia azpimarratzen digu. Adierazle sail zabal batek hainbat alderdi esanguratsuren neurria ematen digu. Ibilbide ezaguneko ekonomilari eta irakasleek egungo Euskal Herrian giza garapenaren indizea neurtzeko zirrikituak azaltzen dizkigute.

Olhagarayk, Baionako Merkataritza Ganbaratik, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko enpresek atzerrian saltzeko dituzten aukera eta mugak agerian jartzen dizkigu. Aierdi irakasleak immigrazioak lurraldez lurralde dituen ezaugarri bereziak aipatzen dizkigu. Luxan eta Martinek, demografoak biak, geurea bezalako gizarte garatu batean zahartzaroak dituen alderdi desberdinak aletzen dituzte. De la Fuentek erretiro adina du aztergai, Hegoalde eta Iparraldeko desberdintasun juridikoak deskribatuz.

Hots, lehen mailako adituek lau ediziotan barna gure errealitateaz xeheki berri ematen dihardute, ezagumendu akademikoak eta esperientzia uztartuz (eduki guztiak eskuragarri www.gaindegia.org-en). Urraska Euskal Herria izeneko eremu funtzional horretan gure errealitatea nolakoa den ezagutzen ari gara.

Eduki hauek, zein bidean direnek, ikerlari, ikasle, kazetari, enpresari eta lider sozialen adimen ernearekin bat eginda, geure herrian zentratutako masa sozial bat sortzen lagun dezakete. Euskal Herria bera bere buruari begira jartzea behar dugu, herri ikuspegia duten estrategiak abian jartzeko, identitate propioa duen garapen ekonomiko eta sozialerako nodo bat izan dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo