Josebe EGIA
Rocker gardenak
Barricada talde ospetsu bezain xarmangarria handien artean dago, besteak beste, 80ko hamarkada hasieran ekindako ibilbideak oraindik dirauelako, salbuespenak salbuespen kide berberek ematen diotelako bizitza, eta batik bat, bidean ez dutelako sekula zintzotasuna eta benetako izaera galdu. Eta hori, are gehiago musikaren mundu aldakor zein iheskorrean, mirakulua izan barik, Barricada osatzen dutenen bizitzaren aurreko filosofia eta jarreraren isla da, taldeari belaunaldi ugariren miresmena ekarri diona.
Nire aldetik, behintzat, osoa. Baita badutelako lurtarrak eta rock-abeslari gogor eta zakarraren, matxoaren, iruditik aldendu eta sentiberak agerrarazten dituen beste ezaugarri berezi bat -ezohikoa den heinean- ere, eta hori ahal bezain pronto euren bikoteen ekarpenari egiten dioten aitorpena da, haiek ere taldearen historiaren zati gisa ikusgai jartzeko duten borondatea. Inork ez dezan uste halako talde bat, hainbeste urtetako osasun ona eta aurrera egiteko aukera, mutilek eurek bakarrik, bi potrorekin, lortu dutenik. Ez baita hala, eta Barricadak gizonkeriarik gabe harrotasun handiz esaten du, meritua partekatzeari balioa emanda.
«Beti esan dugu atzera begira zerbait aldatu beharko bagenu, ez litzakeela ez konpainiekin, ez taldearekin berarekin lotutakorik izango, baizik eta gure bikotekideek taldean merezi zuten lekua egin ez izanarekin. Guretzat dena zen oso berria hastapenetan, oso azkar etortzen ziren gauzak, baina konturatu beharko ginatekeen haientzat ere hala izan zela. Garai zailak izan ziren harreman pertsonalentzat, finkatu beharreko unean Barricada bera ere finkatzen ari zelako, beraz, hura gaindituta, harremanak askoz ere indartsuagoak bihurtu ziren. Oso argi dugu haiek gu bezain Barricada direla».
Hunkigarria ez ezik, eredugarria ere iruditzen zait rock-artisau batzuengandik entzutea. Mitoak izatera iristeaz gain, familia eduki, senideak eta lagunak mantendu, bikote-bizitzari eutsi eta inguruan maitasuna eta euren lanarekiko elkartasuna aurkitu dutenen ahotik. Laudorioak eta txaloak jasotzeko orduan, ez dituztelako ahazten hori guztia sostengatzen lagunduz ondoan dituztenak. Barricadakoen esker on publikoa ez da batere ohikoa rockaren mundu zakarrean, harroputzean, tipo gogorren erreinuan, alegia. Eta eskertzen da loriak ez duela beti itsutzen egiaztatzea.
Bestalde, backstagea alde batera utzi eta agertokiari begiratuta, badirudi oraindik ere rocka gizonen kontua dela. Barnekoa kanpora gogor ateratzeko musikagintzan ere emakumeek askoz ere zailagoa dutela. Egungo jaialdietako kartelak ikusi besterik ez dago, proportzioaz jabetzeko. Eta zinegintzan, antzerkigintzan edo bestelako artegintzan bezala, egon badaudela badakigu. Arazoa da lehenengo aukerak, baliabideak eta norberaren talentuaz bizitzeko beharrezkoak eskaintzeko negozio horiek, gizonen esku jarraitzen dutela nagusiki. Eta, rock-taldeen kasuan, emakumeen ohiko irudi goxo edo sentsuala lehertzeko orduan, emakume izaera orori lekua emanda, gutxi direla arriskatzen direnak.