HARRI-JASOTZEA I Apustua
Irigoieni apustuak ihes egin dio
Errezildarrak 123 jasoaldi gainditu behar zituen bost minutuko hiru txandatan, baina guztira 101 jasoaldi lortu zituen.
Jon LEUNDA I
Aimar Irigoienek ez zuen izan bere egunik onena, eta ezin izan zuen Aiako talde baten aurka zeukan apustua irabazi. Errezildarrak bost minutuko hiru txandatan 123 jasoaldi baino gehiago eman behar zizkion 125 kiloko zilindro zaharrari, baina harriak 56 zentimetroko altuera izan behar zuen.
700 ikusle inguru batu ziren Aiako probalekura, jende asko, eta Aimar zen faboritoa. Bere alde atera zen dirua; hain zuzen ere, 123 jasoaldi gainditu baietz baina 130 jaso ezetz kantatu zuten artekariek.
Luix eta Urtzi Telleria izan zituen alboan errezildarrak, baina atzo ez zen bere eguna, eta kito, ez dago buelta gehiago eman beharrik. Egia da Aimarrek zale guztiak gaizki ohituta zeuzkala, plazara joaten den guztietan sekulako lanak egiten baititu, baina bera ere gizakia da, eta ez makina, eta, atzokoan, bere egun txarra tokatu zitzaion.
Hasi ongi egin zen; lehen txandan 42 jasoaldi egin nahi zituen, eta ongi aritu zen. Lau jasoaldi jarraian egin eta atsedentxo bat hartuz ekin zion, eta horrelaxe jarraitu zuen, erritmoari eutsiz, azkeneko ahaleginean sei jarraian jasotzeko. Hala, 42 jasoaldirekin, lehen helburua beteta zegoen.
Zalantzak
Bigarrengo txandan ere helburua bete zuen, baina zalantza asko utzi zituen amaieran. Lehen txandako erritmo bera eraman zuen, baina azkenerako nahikoa justu ikusi zen. 42 jasoaldi eman zituen, eta apustua irabazteko bidean zihoan. Berari, ordea, azkenerako hankak dardarka ikusten zitzaizkion, eta ez zen, noski, seinale ona.
Azken txandara sartu zenean, segituan ikusi zen ez zuela helburua beteko. Lehen jasoaldia ustela egin zuen, eta hortik errekuperatzeko segundo dezente behar izan zituen. Gero, hasi zenean ere, erritmoari ezin zion eutsi, berak buruarekin ezetz egiten zuen, eta garbi zegoen ez zegoela zereginik. Azkeneko txandan 17 jasoaldi eman zituen, eta, guztira, 101; beraz, ezin izan zuen apustua irabazi. Alde bakoitzak 12.000 euro jokatzen zituen.
«Hasi ongi egin naiz, baina bigarren txanda erabat jota amaitu dut, erabat hustuta. Geroko atsedenean ezin izan naiz errekuperatu, eta azkeneko txandan hankak dardarka sentitzen nituen, ahoa lehortuta, ezin nuen. Ez dakit zer gertatu zaidan, baina erabat jota amaitu dut», onartu zuen errezildarrak.
«Jende asko etorri da ni animatzera, eta honek pena handia ematen dit, batez ere beraiengandik, baina gaurkoan ezin izan da, beste batean beharko du izan», esan zuen errezildar gazteak. Aimarrek 25 urte bakarrik ditu, eta oraindik izango du atzokoa ahaztu eta gainditzeko denbora.
Luix Telleria da Aimar Irigoienen entrenatzailea. Beretzat atzokoa egun gazi-gozoa izan zen, Aimarren porrota eta bere semearen marka handia uztartu baitziren.
«Aimar oso ongi etorri da, entrenamendu oso onak eginda. Lehen txandan ongi aritu da, baina bigarrengoan erabat hustu da, eta ez da errekuperatu. Hau honelakoa da, denok izaten ditugu egun txarrak, eta berari gaur tokatu zaio», esan zen urnietarrak.
Aimarrengandik triste zegoen, baina oso pozik bere semearekin, izan ere, Telleria II.ak lortu zuen marka sekulakoa izan zen: «Esan zidanean zer asmo zuen, ezetz esan nion. Lehiaketetarako ari da prestatzen, eta errektangular zaharrarekin oso gutxi aritu da ondorioz. Bere pisuaren bikoitza baino gehiago, harriak dituen berezko zailtasunak.... Lortu duena handia da». J.L.