GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Uztaila Hegoafrikan: goi mailako surf lehiaketen sasoia

Bi surf txapelketa oso garrantzitsu egiten dira uztailean Hegoafrikan, bata Jeffreys Bay ezagunean eta bestea Ballitoko hondartzetan.

p046_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

Uztaila olatu onen sasoia da Hegoafrikan, horregatik egiten dira txapelketa garrantzitsuak bertan sasoi honetan. Aurten, gainera, Shaun Tomson surflari mitikoa bere jaioterrian lehian ikusi ahal izango dugu.

Bi dira uztaileko itsaski bikainez baliatuz Hegoafrikan egiten dituzten txapelketa ezagunak. Batetik, WCT zirkuituko txapelketa, Billabong Pro Jeffreys Ba, eta, bestetik, Mr Price Pro Ballito, sei izarreko Prime kategoriakoa.

Jeffreys Bay

Hegoafrikan 40 urte luzez (1991n apartheid sistema amaitu arte) boterean izan ziren afrikanerrek jarritakoa da Jeffreys Bay izena.

WCT zirkuitua osatzen duten 11 probetatik laugarrena da Jeffreys Bay badian uztailaren 14tik 24ra egingo dutena. Goi mailako zirkuitua osatzen duten leku finkoetako bat da Jeffrey Bay, izan ere, ekaina eta abuztua bitartean itsasaldi franko izaten dira Hegoafrikan eta Jeffreys Bayko olatu bikainek ikuskizun ezin hobea ziurtatzen dute.

1963an, «The endles summer» lehen surf pelikula arrakastatsua filmatzen ari zirela, «topatu» zuten leku hau, Afrikaren hegoaldean dagoen lurmutur batean. 1964an zinemetako pantailetan olatu ikaragarri haien irudiak zabaldu orduko, milaka surflariren helburu bihurtu zen Jeffreys Bay, eta, ordutik, surfaren historian eman diren gertakizun anitzen lekuko izan da.

1981. urtean lehen aldiz munduko txapelketako proba bat bertan egin zutenik, lehiaketa urtero izan da Jeffreys Bayn, gorabeherak ere izan dituzten arren. 1985ean, esaterako, Tom Carroll, Tom Curren eta Martin Poter (Pottz) surflari profesionalek uko egin zioten J-Bayko txapelketan parte hartzeari, apartheid sistemarekin desadostasuna erakusteko keinu gisa. Jarraian, surflari gehiagok ere hartu zuen jarrera bera.

Ballito

Hegoafrikan egon arren, Jefreys Bay baino iparralderago dago Ballito, Durban hiriburutik nahiko gertu, Afrikaren hego-ekialdean. Beraz, ura Jeffrey Bayn baino beroago dago, eta, hala, itsaskien sarrera ere urriagoa da; hala ere, olatu bikainak dituen eremua da.

1966an egin zuten bertan Hegoafrikako lehen txapelketa ofiziala eta ordutik urtez urte egin den lehiaketa da. 1969. urtean, Gungston 500 izena hartu zuen txapelketak, zigarro marka hori bilakatu baitzen lehiaketaren babesle. Txapelketaren izen onak eta ematen zituzten sariek surflari asko erakarri zituen parte hartzera.

Antolatzaileek 23 urte behar izan zituzten nesken txapelketa lehen aldiz antolatzeko. Neridah Falconer estatubatuarrak irabazi zuen 1992ko lehen txapelketa hura, eta, orduz geroztik, punta-puntako lehiakideak izan dira bertan parte hartzen.

2000. urtean babesle berri batek hartu zuen txapelketaren ardura eta horrekin batera izena aldatu zuten. Hortik aurrera, Mr Price Pro Ballito izena hartu du lehiaketak. Gainera, 2001. urtean diru saritan milioi bat dolar banatzen hasi ziren, munduko surflari onenak erakartzeko helburuarekin, eta, noski, lortu zuten: egun egiten duten txapelketa sei izarreko Prime kategoriakoa da. Alegia, WCT zirkuitua kenduta, izan daitekeen WQSko txapelketa maila altuena.

Txapelketa honetako lehen postua gehienetan lortu duen surflaria Shaun Tomson da, aurtengo ohorezko gonbidatua.

Shaun Tomson

Tomsonek sei bider jarraian irabazi zuen Ballitoko txapelketa 1973 eta 1978 artean. Jeffreys Bayko txapelketa lehen aldiz egin zutenean ere, 1981. urtean, bera izan zen irabazlea. Hegoafrikan jaio bazen ere, egun AEBetan bizi da, baina oraindik ere gogoan dutela erakutsi nahi izan dute Mr Price Pro Ballito txapelketako antolatzaileek eta gonbidapen berezia egin diote. Oso gustura hartu du gonbidapena: «Gazte nintzela usu joaten nintzen Kwadukuzako olatuez gozatzera. Oroitzapen hunkigarriak ekartzen dizkit gogora kostalde horrek; besteak beste, lagunekin Ballitoko hondartzetan egindako surf saioak».

1989. urteaz geroztik lehiaketa profesionalak alde batera utzita baditu ere, Tomsonen surflari karrera bikaina izan zen. 1977an, esaterako, munduko txapelduna izan zen. Orain, lehiatzeko prestatu beharko du aspaldiko partez, baina horrek ez du kikiltzen: «Aspaldiko lehiakideekin egon eta surf egiteko irrikatan nago. Agian orain ez daukagu lehen genuen lehiarako grina, baina nork daki, aspaldian genuen gure arteko lehia azalera daiteke».

Lehiaz haratago beste hainbat eremutan ere lan egin du Tomsonek, idazle edo gidoigile gisa kasu, baita aktore moduan ere. Hori bai, ekarpen handiena, zalantzarik gabe, surf modernoari egin dio.

Pipelineko olatuan bizkarkako tuboak egiten lehenetarikoa izan zen. Estilo dinamikoa eta berritzailea zen berea; dudarik gabe, ondorengoengan eragin handia izan duena. Hain zuzen ere, horregatik ditu hainbeste jarraitzaile, batez ere Hegoafrikan, munduko txapela lortu duen bertako surflari bakarra baita.

Txapelketarekin batera surfaren azken urteotako lehiaketen historia agertzen duen erakusketa bat prestatu dute antolatzaileek. Hor ere, noski, bere lekutxoa izango du Tomsonek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo