ITSASOA
Amstel Surfilm Festibalek bederatzigarren edizioa bete du Donostian
H.L.A. I
Ekainaren 3tik 12ra bitartean egin zuten Donostian surfeko laburmetrai eta filmen festibala, Amstel Surfilm Festibal. Aurtengoa, bederatzigarren edizioa izan da eta Japoniako surfa izan du ardatz. Bertako surf kultura ezagutzera emateko ahalegina egin dute, Japoniatik datozkigun berri tamalgarriez gain, olatu ederrak eta surf mugimendua ere badituztela erakusteko asmoz.
Festibalak, surfarekin lotura duten film desberdinekin batera, kontzertu eta arte erakusketekin osatzen du egitaraua. Eskaintza benetan oparoa izaten da.
Sari nagusia, Andrew Kidman artista ezagunaren «Lost in the Ether» lanak jaso zuen. Film horretan Michael Paterson surflari mitikoa da protagonista; zalantzarik gabe, Australian 70eko hamarkadan izan zen surflari esanguratsuenetakoa. Liburu bateko kontakizun bat balitz bezala kontatzen du istorioa. Patersonek 18 urterekin lema bakarreko surf taula egin zuen momentutik abiatuta, garai haietako surf irudi hunkigarriak eskaintzen ditu lanak, taula egitearen eta berau erabiltzearen arteko lotura estua ageri-agerian utziz.
Film labur onenaren saria «Gark side of the lens» lanak jaso zuen. Mickey Smith argazkilari ezagunak, Irlanda eta beste zenbait lekutako surf irudiak erakusten ditu off-eko ahots baten laguntzarekin.
Ikusleek, berriz, «Bono» lana saritu zuten. Film horretan agertzen diren Indonesiako irudi bitxiek, sekulako jakin-mina sortu dute argitaratu ziren momentutik bertatik.
Ingurugiroari buruzko film labur onenaren saria «Olatu garbiak» lanak jaso zuen. Bertako film labur onenaren saria, berriz, Kepa Acerok bizikleta eta taularekin egindako txangoaren berri ematen duen «La ruta norte» lanak jaso zuen. Euskadiko lan onenaren saria, aldiz, Axi Muniain zarauztarraren «Negu gordina» lanak jaso zuen. Eta, mikrolabur onenaren saria, «Speed Flying in Wengern» lanak.