ITSASOA
Garagardo lata hutsekin surf taula bat egin du Riccard Morrison artistak
Riccard Morrison surflari eta artista kaliforniarrak garagardo lata hutsak erabili ditu surf taula bat egiteko.
Ohiko foan kortxoaren ordez, zurezko bi zurtoinen bidez sostengatutako lata hutsekin eman dio forma taulari. Guztira 72 lata erabili ditu, sei garagardo marka desberdinetakoak, eta, behin oinarria eginda, zuntzarekin estali eta poliesterrarekin egin du «glasseatua», ohiko taula bat egiten den modu berean. Azkenik, deribak jarri dizkio.
Surflariak garagardo zaleak direla gauza jakina da. Berriki, Mike Brennan australiarrak bere jaioterriko (Belfast) ohitura onak ez dituela galdu erakutsi du munduko olatu arriskutsuenetako batean; Shipsten beldurgarrian. Tubo bat egiten zuen bitartean garagardo lata bat edaten agertzen den irudiak arrakasta itzela izan du.
Kelly Slaterrek ere modu berean ospatu zuen 2003an Tahitin lortu zuen garaipena. Oso ezaguna da, Teahupon, tubotik irteten ari dela, garagardoari zurrupada ematen agertzen den irudia.