GARA > Idatzia > Kultura

Igartubeitin, berriro bizi eta uki daiteke duela 500 urteko baserria

Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserriak hamargarren urtebetetzea du, eta, ospatzeko, bisita gidatu bereziak egiten ari dira Euskal Herriko nekazal biziaren 500 urteko historia gordetzen duen etxean. Hain urruna eta sakona da historia hori galdu egin dugula zubia, baina toki honetan berriro bizi eta uki daitezke iraganeko baserria, paisaia eta kultura.

p048_f01-199x116.jpg

Maider IANTZI |

Euskal Herrian 40.000 baserri inguru ditugu, eta horietatik erdia baino gehiago egoera kaskarrean daude. Gainera, batzuek halako obrak egin dituzte galdu egin dituztela jatorrizko ezaugarriak. Ezkio-Itsasoko Igartubeiti da munduko lekurik onena antzinako euskal baserriak nolakoak ziren ulertzeko.

Atzoko bisitan, baserriaren ikuspegi desberdin bat ezagutu zuten herritarrek, baita baserri batean bizi izan direnek edo oraindik bertan bizi direnek ere. Izan ere, ez zuten gure aitatxi-amatxien baserria ikusi, duela 500 urteko gure arbasoena baizik, jatorrizkoa. «Orain dela 100 urtetik ez da baserri berririk asmatzen. Baserrien iturria itxirik dago; berreraiki egiten dira, txalet bihurtu... Baina ez dira sortzen», ohartarazi zuen Alberto Santana historialariak. Jendea arbasoengandik jasotako baserrietan bizi da eta erabiltzaile hutsa da, ez sortzailea. «Bizi den baserritar batek ere, edo oroitzen dugun baserritar batek ere ez du baserria asmatu. Eta denboran jauzi egin eta historia sakona, jatorria, ezagut daiteke Igartubeitin».

Baserri xumea zen hau hasieran, erdipurdikoa ere bai, behartsua, eta lur aldapatsuko herri batean zegoen kokatua, gainera. Hortaz, ez da monumentu bat aberatsena edo onena izan zelako, erdi mailako baserrien eta baserritar umilen adierazgarri delako baizik. Historialariak kontatu zuenez, hagitz-hagitz egoera txarrean zegoen, baina beti erdipurdikoa izan zenez eta jabeek ez zutenez konpontzeko diru handirik, Gipuzkoan nagusi izan ziren baina dagoeneko berezi eta bakarrak bihurtzen ari ziren ezaugarriekin iraun zuen bizirik. XX. mende bukaeran, Aldundiak erosi zuenean, erortzear zegoen eta jabeek ezin zuten bertan bizi. «Hauek jende ikasia ziren; Kontseiluko Xabier Mendigurenen familiarena zen etxea. Dirua eskaini zieten konpontzeko, baina arkitektoekin bueltaka ibili ondotik moldatzeko bota egin beharko zutela ikusi zuten. Azkenean, Aldundiak erostea erabaki zuen eta jasotako diruarekin Mendiguren familiak etxe berriak eraiki zituen han bertan. Horrek partikular batek egin ezin duen konponketa egitea ahalbidetu zuen: ez zuten bizitzeko moldatu, nekazal biziaren eta euskal baserriaren museoa egiteko baizik».

Erdi Aroko etxolen gainean

Ikerketa luze eta sakona egin zuten, inoiz euskal baserrietan egin ez zen bezalakoa, eta ordura arte errege eta jauregiei eskainitako arreta jarri zioten familia arrunt bati. Hori ere berezia izan zen. Zer aurkitu zuten ikerketa horretan? «Baserria oso zaharra zela jakin genuen, 1540. urte inguruan eraikia, lehenengo baserrien belaunaldikoa. Gainera, pikotxa ukuiluko simaurraren eta sukaldeko baldosen azpian sartuz, Igartubeitik bere sabelean baserri zaharragoen aztarnak zituela deskubritu genuen. Hain zaharrak, ezin geniela baserri deitu; Erdi Aroko baserritarrak bizi izan ziren etxolak ziren. Igartubeitiko beheko sua ez zen ehunka eta ehunka urtetan aldatu, gaurko etxea egin baino lehenagokoa da; etxolaren sutokia zen».

Sagardoa egiten hastean, etxeak negar egiten zuen

Igartubeiti baserriak sagardoa egiteko makina erraldoi bat du bihotzean. Hamarka baserrik gorde dituzte XVI. mendeko dolareen zatiak, baina osoa batek ere ez. Igartubeitin mekanismo horren zati anitz zeudenez, eraberritzerakoan prentsa osoki berreraiki zuten, berriro sagardoa egiteko modua izateko eta jendeak jada inork oroitzen ez zuen irudi bat ikusi ahal izateko. Dolarea sartzeko moduko eraikin batean familia eta animaliak bizitzea berezia da munduan. Lekuko bakarra zegoen 1908an ezaugarri horietako dolare bat martxan ikusi zuena, baina dagoeneko hil egin da. Hagitz haurra zen eta familia sagardoa egiten hasten zenean etxeak negar egiten zuela iruditzen zitzaion. Igartubeitiri ere negar eginarazi diote. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo