GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bizi osoko zigorraren aurkako mobilizazioa egin dute Bilbon

Euskal presoek pairatzen duten bizi osoko zigorraren aurkako mobilizazioa egin zen atzo Bizkaiko hiriburuan. Espetxean 25 urte bete berri dituen Joseba Artola gogoan izan zuten bereziki. Artolak 2006an bete zuen zigorra, baina espetxean jarraitzen du. Manifestazioan bertan egindako pankarta bat kendu eta lagun bat identifikatu zuen Ertzaintzak.

GARA |

Ehunka lagunek hartu zuten parte atzo Bilbon «Bizi osorako zigorrik ez» lelopean egindako manifestazioan. Bertan, espetxean 25 urte bete berri dituen Joseba Artola presoaren egoera salatu zuten bereziki.

Ertzaintzak «Borroka da bidea» leloa idatzita zuen pankarta bat kendu eta pertsona bat identifikatu zuen.

Mobilizazioak Plaza Biribila eta Gizakunde enparantzak lotu zituen. Azken horretan ekitaldi politikoa egin zuten, hiru preso ohik hitza hartu zutelarik. Ibilbide guztian «Euskal presoak Euskal Herrira» gisako leloak entzun ziren.

Ekitaldia bukatu zenean, pankarta bat egiteari ekin zioten. «Borroka da bidea» leloa jarri bezain laster, Ertzaintzak pankarta kendu eta manifestazioan parte hartzen ari zen lagun bat identifikatu zuen.

Antolatzaileek gogoratu zutenez, Joseba Artolak 2006ko maiatzaren 18an bete zuen ezarri zioten zigorra, baina, halere, espetxean jarraitzen du, 197/06 doktrinan oinarritu direlako bere kondena luzatzeko.

Artolaren kasua ez da bakarra Bilboko presoen artean, Inma Pacho eta Fernando del Olmori ere zigorra luzatu baitiete. Joan den urtarrilaren 20an 20 urte bete zituzten espetxean. Horiekin batera, Bilboko beste bi presok ere, German Urizar eta Raul Alonsok, 20 urte bete dituzte dagoeneko espetxean.

«Euskal preso politikoei ezartzen zaien aparteko espetxe politika irizpide zapaltzaile argiekin eta kolektiboa suntsitzeko asmoarekin egiten dela salatu nahi dugu. Politika honek honako neurriak bultzatzen ditu: zigor osoa bete dituztenak espetxean mantentzen ditu, gaixotasun larriak dituzten presoak ez dituzte askatzen, baldintzapeko askatasuna desagerrarazi dute eta xantaiaren eta isolamenduaren bidez presoak damutzera behartzen dituzte, onurak eskainiz baiezkoa emanez gero eta zigorrak jasoz eskaintza errefusatzekotan», azaldu zuten antolatzaileek.

Egoera horren aurrean, isolamendu eta bakartze egoerekin behingoz bukatzea, gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten presoak kaleratzea, zigorren luzapena onartzen duen doktrina indargabetzea eta euskal preso politikoak dagozkien eskubide guztiekin Euskal Herrira itzultzea eskatu zuten.

Horrekin batera, Bilboko preso guztiak omendu nahi izan zituzten, eta beraien askatasuna ere aldarrikatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo