NUPen «euskaraz bizi ahal izateko» kanpaina martxan jarri dute hainbat taldek
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikasle euskaldunen eskaerei eta eskubideei erantzuten ez diela salatzeko eta euskararen benetako presentzia bermatzea eskatzeko «NUPen euskaraz bizi nahi dugu» kanpaina abian jarri dute hainbat taldek.
GARA |
Kontseilua, Sortzen-Ikasbatuaz, Ikasle Abertzaleak, LAB, ELA, EILAS eta Nafarroako Ikastolen Elkartea erakundeek eta unibertsitate komunitateko hainbat irakasle, ikasle eta langilek bultzatuta, «NUPen euskaraz bizi nahi dugu» izeneko kanpaina abiatu dute unibertsitate horretan euskarazko matrikulazioa bultzatzeko asmoarekin.
«Zorionez, euskaraz bizi nahi duen jende gero eta gehiago dago. Goi mailako ikasketak egitea ezinbestekoa da gaur egungo gazteen prestakuntzarako, eta, ondorioz, gazteen bizimoduaren parte garrantzitsua da zeregin hori», adierazi dute.
Ikasketak euskaraz egiteko mota guztietako zailtasunak badaude ere, «argi eta garbi ikusten dugu euskaraz matrikulatzea bera gure hizkuntzaren aldeko ekintza dela. Gaurko gazteek euskara hautatuz irekitzen diote bideari euskarari; beraz, euskaraz bizitzearen aldeko apustua egin dezaten dei egin nahi diegu».
Oztopoak oztopo, NUPen euskaraz matrikulatzen diren ikasleen kopurua gero eta handiagoa dela nabarmendu dute, goi mailako ikasketetara iristen diren ikasle nafar elebidunen kopurua ere hazten ari delako. «2005/06 ikasturteko matrikulazio datuek jada arrazoia eman ziguten, orduan matrikulatu ziren ikasle euskaldunek %20ko muga gainditu baitzuten, %21,5era iritsiz. Iaz %22,37 izan ziren, eta, aurtengo ikasturtean, ikasleen %23,5ak euskara `ongi edo oso ongi' dakiela baieztatu du. Beste %31 batek `zerbait' ezagutzen duela esan du».
«Errealitate horrek aise gainditu du unibertsitateak berak aurreikusten duena. Ikasle euskaldunen kopuruak eta ehunekoak gora egin dute ia fakultate eta eskola guztietan», nabarmendu dute kanpainaren bultzatzaileek.
Egoera horren aurrean, NUPek euskarazko eskaintza pittin bat besterik ez du handitu. Gainera, hazkunde hori ez dela unibertsitatean euskararen normalizaziorako benetako plangintza bat ezarri izanaren ondorio salatu dute. «Batetik, bere garaian errektoreak ezin izan zuen euskara arduraduna izendatu, proposaturiko hautagai guztiek uko egin ziotelako karguari. Errektoreordetzaren mendera pasa zen kargu hori, eta, ondorioz, euskarak pisua eta garrantzia galdu zituen unibertsitatearen organigramaren barruan», gogoratu dute.
Betetzen ez den plana
Horrekin batera, 2007an Euskararen Normalizaziorako Plana onartu zela ere gogoratu dute. «Euskararen garapen jasangarriarentzat gutxieneko baldintzak betetzen ez dituen plana da. Planak ez du ikasketa guztiak euskaraz eskaintzeko aukera jasotzen, ezta helburu horretara heltzeko estrategiarik markatzen ere», salatu dute kanpainaren bultzatzaileek.
Azken bi ikasturteotan Euskararen Normalizaziorako Plana luzatu baino ez dutela egin gogoratu ostean, ikasketak euskaraz eskaini izan direnean ikasle euskaldunen erantzuna ona izan dela ere azpimarratu dute.
Kanpainaren bultzatzaileek eman dituzten datuen arabera, aurtengo ikasturtean 782 ikasle matrikulatu dira euskarazko irakasgaietan.
«782 ikasle horiek ezin dituzte ikasketak euskaraz burutu, ikasgairen bat besterik ez. Ez dira, hala ere, NUPeko ikasleen %10era ailegatzen, aurten hautaprobak egin dituzten ikasle euskaldunen ehunekoa %23,84 izan horren», azaldu dute.
«Egoera honek ezinegona sortzen du ordezkatzen ditugun pertsona multzoetan, uste dugulako, gauzak honela, ez zaiela behar den moduan erantzuten mahai gainean dauden beharrei, eta ez dela gaia garatzen behar den seriotasunarekin. Egun diren baliabideen erabilera eraginkorra baino, benetako Euskararen Normalizazio Plana behar du NUPek, ikasketa prozesuaren elementu guztiak aintzat hartuko dituena, irakasle eleaniztunen kontratazio politika egokia jasoko duena, besteak beste».
Horiek horrela, ikasle euskaldunen eskubideak bermatzeko eskatu diote errektoretza taldeari, eta, aldi berean, ikasle euskaldunak euskarazko eskaintza aintzat hartzera eta matrikulazioa euskaraz egitera animatu dituzte kanpaina bultzatu duten taldeek. GARA