GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Batxilergoko ikasle baten ama

Gure seme-alabak galtzaile, Celaarekin Begoña Burgoa

Ikasturtearen amaieran gaudela, unea ailegatu da arrazoi desberdinengatik urtean galdutako ordu kopuruez eta horien ondorioez gogoeta egiteko. Hasi orduko berehala dator burura aurten izandako aldaketa oso nabari bat: aurten, irakasle batek baja hartuz gero, bosgarren egunera arte ez dute ordezkorik bidali Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetara. Jakina, hori horrela, gure seme-alabak hainbat egunetan egon dira eskolarik gabe. Hezkuntza Sailak arrazoi ekonomikoak argudiatu zituen erabakia hartzeko, baina, noski, ez zuen baloratu ikasleek curriculumean izango zuten galera. Eta hori larria da oso, Celaak ez beste mundu guztiak dakienez, Bigarren Hezkuntzako ikasleek gero eta kanpoko proba gehiagori aurre egin behar baitiote beren bidean aurrera egin ahal izateko, besteak beste, Ebaluazio Diagnostikoari, PISA probari, eta azkenik, selektibitateari. Egun hauetan gure seme-alabak hedabideetan ikusi ditugu selektibitateak dakarren erronkaren aurrean: inor arduratzen bada, denborak esango digu galera horien ondorioak zeintzuk izango diren, baina betiko moduan, ordurako berandu izango da.

Batxilergoan seme-alabak ditugun gurasook badakigu selektibitatea erabakigarria dela haien etorkizuna bideratzeko eta, beraz, ahalik eta notarik onena ateratzera behartuta daudenez, berebiziko garrantzia duela probetara gai-zerrenda osoa jasota heltzeak. Erantzungo ote du Celaa sailburuak gure seme-alabok bidean gai batzuk galduta selektibitatean aukerak murriztuta badauzkate? Arduratsuagoa izan behar da Hezkuntzan ikasketa-orduak gutxituko dituzten erabakiak hartu aurretik, onartezina delako ikasturtearen ezinbesteko helburuak betetzeko nahitaezkoa den dirua kendu eta beste xede batzuei ematea. Hezkuntza arduradunek ez bezala, guraso orok badakigu etxeko kontuak egiten, esate baterako, ezin dugula argia edo ura ordaintzeko behar dugun dirua sakelako telefonoan gastatu, bestela hilaren amaieran etxea hutsik edukiko dugu eta. Nire irudiko, horixe da Celaak egin duena, janari gastuak murriztu apaingarriak erosteko: irakasle ordezkoak kenduta ikasleen curriculuma amaitu barik utzi du, horrela «ikastetxe eleanitzaren» ametsari -bere ametsa- arnasa ematearren.

Goazen datuetara. Gure alabaren ikastetxean 288 klase-ordu galdu dira maiatza arte -41 ordu batxilergoan- eta beste 60 ordu eskolak koordinatzeko, guztira 357 ordu. Celaak bere jario ederragatik ere senperrenak egin beharko ditu azaltzeko nola lotzen dituen galera hauek hezkuntzaren kalitatearen aldeko apustuarekin. Gogoan izan behar dugu ordu galerok ordezkoak ikastetxera lehen egunean bertan ez etortzegatik jazotzen direla. Agian, Celaak uste ote du jokabide hori kalitatea bilatzen duen enpresa batek onar lezakeela? Nola egingo diete aurre gure seme-alabok emendatuz doazen kanpoko probei? Non sartu ote dute gure seme-alabok kalitatezko hezkuntza jasotzeko bermea?

Guraso guztiak animatu nahi ditut ikastetxeetara joan eta seme-alabek galdutako ordu kopuruaren informazioa eskuratzera, eta, orobat, Hezkuntza Sailari bere erantzukizuna eskatzera, egoera hau ezin baita datorren urtean errepikatu. Krisia ezin da aitzakia izan hezkuntzan murrizketak egiteko, diskurtso hutsalez mozorroturik, gure seme-alaben etorkizuna kolokan jartzen baitute. Bestela, hauteskundeetan aukeratuak izan aurretik argitu dezatela euren lehentasunak zein diren, balitekeelako herritar gehiagorekin bat ez etortzea. Hortik hasten da etika politikoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo