GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lapurdiko AHT berria 2035era arte ez dela beharrezkoa onartu dute azterketek

AHTren Lapurdiko burdinbide berriaren proiektua «izoztuta» geratuko da momentuz. Izan ere, Akitaniako prefetak berak aurkeztutako azterketa batek egiaztatu duenez, RFFk aurreikuspenak puztu zituen. Azterketak hemendik 25 urtera arte trenbidea ez dela beharrezkoa onartzen du.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Akitaniako prefetaren prentsa-oharretik ondorio argiak ateratzea zaila bada ere, bada benetan deigarria suertatzen den datu bat: AHTren Lapurdiko trenbide berriaren premiari buruz 2006an egindako eztabaida publikoan RFFk erabilitako aurreikuspenak «puztuta» zeudela onartzen da -Frantziako trenbide sarea kudeatzen duen enpresa da RFF-.

Baionako suprefeturan herenegun egindako ekitaldian, Patrick Stefaninik Ipar Euskal Herriko hogei bat hautetsiri Ingurumen eta Garapen Iraunkorrerako Kontseiluak egindako ikerketa bat aurkeztu zien. Bertan, tren trafikoari buruzko datuak biltzen dira, eta trenbide berria abian noiz ezarri beharko litzatekeen ere aztertzen da.

Azterketaren arabera, merkantzia eta gaien garraiorako egungo trenbidearen saturazioa ez da aitzinatu bezain azkar gertatuko, eta, hortaz, trenbide berria ez litzateke beharrezkoa izango 2030-2035eraino. Horrenbestez, Atlantikoko ardatzeko zati batzuetan dauden «zailtasun eta kontrakotasunak» ikusirik (Bordele-Tolosa eta Bordele-Hendaia zatiak), auziari, «momentuz behintzat», trataera berezitua ematea deliberatu du Akitaniako prefektuak.

Stefaniniren esanetan, horrek ez du esan nahi ordurako AHTren burdinbide berria eraiki behar ez denik. Zentzu horretan, azpiegitura egiteko baldintzak aztertzea ezinbestekotzat jotzen du. Hori bai, Lapurdiko hiru Herri Elkargoek eskatutako azterketaren emaitzak ikusi arte itxarotea komeni dela uste du Hego Mendebaldeko Proiektu Handiak koordinatzen dituen prefetak.

Horrenbestez, gaur bertan AHTri buruz Bordelen egingo den bilkura teknikoan, Lapurdiko zatiaz bederen ez dira arituko. Are, hautetsiei beren ekarpenak eta kritikak egiteko parada eman dietenez, gaia urte bukaeraraino «izoztu» egingo da seguru asko.

Proiektuaren sustatzaileek ordurako AHTren ibilbidea aurkeztuko liokete Ministerioari, «nahiz eta horrek ez duen, halabeharrez, eraikitzea ekarriko». Baina, finean, kaltetutako herritar eta udalerriek beren lurretan jasango duten eragina jakin behar dutela uste dute.

«Nehork ez daki»

CADEk, bere aldetik, trafiko aurreikuspenen gaineko nora eza kritikatu zuen atzokoan. «RFFn nehork ez daki ezer. 2006an zioen 2020rako eguneko 282 tren izango zirela. Aldiz, iaz Marie-Line Meaux bitartekariari igorritako txostenean, 196 aipatzen zituen. Aurreikuspenak urtzen ari dira», esan zuen Victor Pachonek.

Bestalde, datorren uztailaren 14rako Urdazubi eta Bidasoa artean ibilaldi bat antolatuko du CADEk. Urruñan amaituko da, zikiro jan batekin.

EHLG

Lurralde garapena bere zeregina ere badela gogoratuta, Euskal Herriko Laborantza Ganberako batzarrak agiri bat onartu berri du, Lapurdiko AHTren burdinbide berria «ez dela beharrezkoa» aldarrikatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo