GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udan presoen aldeko aldarriari eusteko eskatu du Etxeratek

Hasi berri den urtaro honetan, festa eta jai giroa nagusi denean alegia, gizarteak euskal presoen eskubideen aldeko aldarria gogoan izan dezan eskatu zuen Etxeratek atzo Iru- ñean. Ostiraletako enkarteladatan parte hartzen jarraitzera animatzeaz gainera, presoen aldeko banderolak kalera ateratzeko eskatu zuten. Halaber, Egin Dezagun Bidea ekimenak uztailaren 3rako Iruñean deitutako manifestazioari atxikimendua agertu zioten senide eta lagunek.
p014_f02.jpg

GARA |

Uda hasi berria dela, Euskal Herriko jendarte osoari deialdi berezia egin zion atzo Etxeratek Iruñean. Festa eta ospakizun garai honetan ere gizarteak euskal presoen eskubideen aldeko aldarria presente izan dezan eskatu zuten; eta, horrez gain, ostiraletako enkarteladetan parte hartzeko eta euskal preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatzen duen banderola ere agerrarazteko eskatu zuten elkarteko kideek.

Egun, 700dik gora dira Estatu espainoleko eta frantseseko espetxeetan sakabanatuta dauden euskal presoak, eta horietatik 108 nafarrak dira, «beraien herritik, senide eta lagunengandik ehunka kilometrora urrunduta, mendekuan eta gorrotoan oinarritutako espetxe politika pairatuz». Hala, sakabanaketaren politika martxan jarri zenetik hogei urte baino gehiago igaro direla gogora ekarri zuten.

Presoen egoera larria dela onartu arren, Euskal Herriak bizi duen une politikoan urratsak ematen jarraitzeko indartsu daudela onartu zuten senide eta lagunek.

Lehenik eta behin, euskal presoak etxeratzeko eskatu zuten, eta zigorra beteta dutenak eta zigorraren hiru laurdenak espetxean eman dituzten presoak kaleratzeko exijitu zuten, «biziarteko zigorraren doktrina indargabetzeko garaia» dela aldarrikatuta. Gaixotasun larriak dituztenak aske uztea eta bakartzea amaiaraztea ere eskatu zuen.

Azken ostiralak

Ostiralero 20.00etan Iruñeko Sarasate pasealekuan egiten duten enkarteladaz gain, nabarmendu zuten hileroko azken ostiraletan salaketa eta aldarri- kapena egitetik harago, elkartasun dinamika jarri dutela martxan, Euskal Herriko eragile, elkarte, sektore eta mugimenduei gai honen inguruan ahotsa eman nahian. Erantzuna ona izan dela ikusita, bide hori lantzen jarraituko dute.

Azkenik, uztailaren 3an Iru- ñean Egin Dezagun Bidea ekimenak deitutako manifestazioarekin bat egin du Etxeratek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo