GARA > Idatzia > Mundua

Kronika | Komenientziako dibortzioa Guatemalan

Senarrarengandik banandu, «herriarekin» ezkontzeko...

Guatemalako presidente Alvaro Colomen emazte Sandra Torresen hautagaitza ez inskribatzea ebatzi du Hauteskunde Auzitegi Gorenak, lege iruzurra egin dutela argudiatuta.

p024_f01_148X100.jpg

Ainara RODRIGUEZ

Amodioak ez du lubakiez aski menderatzen, ezta guduak maitasun adierazpenez ere. Mendetako sufrimendu eta bozkarioek argi erakutsi dute, ordea, bai amodioan bai guduan, araudiek ez dutela mugarik errespetatzen, guztia dela balekoa. Eta aspaldiko irakaspenak hitzez hitz segitzen dituztela ere aski erakutsi dute azken asteotan Guatemalan; boterean betikotzea helburu hartuta, guztiak balio baitu politikan, baita horretarako formula berriak asmatu behar badira ere.

Alvaro Colom Guatemalako presidenteak eta bere bikotekide Sandra Torresek komunikabideetako titular guztiak hartu zituzten apirilean, asko oharkabean harrapatu zituen albistea lau haizetara zabalduz. Izan ere, hamalau urtetako ezkontide-harremana eten eta dibortziatzekoak zirela eman zuten jakitera, ofizialki banantzeko paper guztiak auzitegietan aurkeztuz. Horren kontrako hamabost bat helegite «hutsaltzat, desegokitzat eta ez gomendagarritzat» jo ostean, dibortzio eskaera ametitzea erabaki zuen azkenean auzitegiak.

Hilabete bat lehentxeago, martxoan, politikara jauzi egiteko asmo zuela jakinarazi zuen Torresek berak, antza, Latinoamerikan ahapeka ezaguna zen sekretuari estalkia kenduz. Alta, horretarako zer-nolako estrategia baliatuko zuen ez zen jakina, Guatemalako Konstituzioak, berez, debekatu egiten baitie jarduneko presidentearen senideei estatubururako lehiara aurkeztea. Hortxe lehertu zen polemika, hain zuzen, hari-muturrak lotu eta dibortzioa helburu horretarako zela ohartzean.

Noski, notiziak zeharo aztoratu zuen Guatemalako jendartea, orain artean ez baitzen halako formularik ezagutzen Latinoamerikan. Erabakia hartzea «oso zail» gertatu zitzaiela ziurtatu zuten, bete-betean eragingo baitzuen euren eguneroko bizitzan. Alabaina, «bikote harremanetik harago doan» erabakia dela diote, «Colomek Guatemalako gizartearekiko zein hango bizitza sozialarekiko duen konpromisoaren» segida gisa irudikatuz. «Presidentearengandik banantzen naiz, baina herriarekin ezkondu», esatera iritsi zen Torres.

Alabaina, ezusteko ukabilkada jaso zuten atzo Colomdarrek, Hauteskunde Auzitegi Gorenak Torresen inskripzioa errefusatzea ebatzi baitu. Antza, Colomdarrek «legezkotzat» jotzen zuten jokaldia ez ei da horren «legezko», eta lege-iruzurra egitea egotzi die auzitegiak; Torres presidentetzarako norgehiagokatik baztertuta geratu da, beraz.

Bataila ez da amaitu

Despistatuta harrapatu ditu ebazpenak bere alderdiko, UNE Itxaropenaren Batasun Nazionaleko, eta hautagaitza babesten zuen Nazio Aliantza Handiko kideak. Pasatakoak pasata, ez zuten inondik inora espero. Fernando Barillas bozeramaileak argitu du hartzen diren erabakiak hartzen direla errespetatu egingo dituztela; haatik, kritika gogorrak ere jaurti ditu Hauteskunde Auzitegi Gorenaren aurka: «Erabakiak ez du inongo babes legalik; auzitegi horrek ez du eskuduntzarik Torresek hartu dituen erabakiak baloratzeko».

Noski, erabakiari errekurtsoa ipin diezaioke Itxaropenaren Batasun Nazionalak; Justizia Auzitegi Gorenean, lehenbizi, eta Auzitegi Konstituzionalean, azkenik. Torres aurkeztu ahal izateko bide guztiak agortuko dituztela argi utzi du Barillasek.

Kontuak kontu, epaitegietan gainditu beharreko langa ez da Torresek bidean aurkitu duen bakarra, kasik horma garaiago bat gainditu behar izan baitu bere alderdian bertan. Guatemalako presidenteorde Rafael Espadak esana du bikotearen erabakia errespetatzen duela baina ez datorrela bat berarekin: «Espero dudan bakarra da ebazpen horrek herrialdearen irudia ez kaltetzea», nabarmendu zuen.

Torresek, bere lehiakortasun grinaren ondorioz, hainbat alderdikiderekin aurrez aurreko bat baino gehiago izan du, eta adituek diote ez dituela guztiak bere alde.

Pertsona zorrotz eta bere sineskeretan amorratu, Gobernuaren lema gidatzen aritu den itzalpeko estatuburutzat dute askok; ez ei du eragozpenik legeari iskin egiten, nahiz eta horrek ondorio are kaltegarriagoak ekarri. Berak sustatutakoa omen da gizarte jantoki edota gizarte bekak ahalbidetzen dituen Gizarte Kohesiorako Kontseiluaren sorrera. Dudarik ez dago, beraz, etxeko ateetatik barrura zeresanik duenik, laguntza sozialetan oinarritu baita orain artean Colomen agintaldia.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo