GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Final Manomanista 2011

Final atariko galderak

Joxemari ETXENAGUSIA Pilotari ohia

Final baten atarian ohikoak izaten dira galderak. Nork irabaziko du? Nola egin aurre faboritoari? Zein izango da partidaren giltza?... Buruz buruko honek, ordea, beste asko ekartzen dizkit burura. Nolatan eman nahi zioten finalerdietan galdu zuen bati finala jokatzeko aukera? Pentsa aurreko astean Aimarrek mina hartu izan balu, Idoatek jokatuko zukeen? Bengoetxeari emango zioten txapela?

Zalantzak omen zituzten; erabat osatuta egon al da Xala finala jokatzeko? Baina %70ean edo %80an izanik ere jokatzeko eskubidea irabazi zuen kantxan. Are gehiago, nola eta nork kontrolatzen du pilotari bat %100ean dagoela?

Xalak hartu zuen jarrera normala iruditzen zait; eredugarria ere izan da. Berea defendatu zuen eta atzerapena ematea normalena iruditzen zait; beti hala izan da eta hau ez da kapritxo bat izan, gaixotasun bat izan da. Zorionez, behar baino iskanbila gehiagorekin izan bada ere, erabakirik zentzuzkoena hartu da azkenean, eta, hala, final polita daukagu aurrean.

Aurreikusitako egunean jokatu izan balitz Aimar ikusten nuen faborito, eta, atzerapenarekin, gehiago. Xala nola egongo den zalantza ere badaukat; ziur ebakuntzak faktura pasako ziola, baina nahiko ondo egongo dela uste dut. Xalak barruan amorrua izango du arrazoi zuela erakusteko eta ikusi behar ea gorputzak erantzuten dion. Berez pilotari hotz xamarra da, baina motibazio berezi horrek on egin diezaioke. Bere maila ematen badu, partida orekatua ikus dezakegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo