Pello Urzelai 2011/6/30
Desfase politikoa
berria
Prozesu kimikoen antzera, Bilduren sorrera eta legeztatzea eragin katalizatzailea izaten ari da egoera politikoan. Ezker abertzalearen barne eztabaidaren ondorioz, Zutik Euskal Herria agirian laburbiltzen den apustua eta ETAren su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria kontuan hartuta, garai berria zalantzarik gabekotzat jo zitekeen. Baina garai berri horri begirako aurreikuspenak azkartzen ari dira, Bildu efektuaren eraginez. Horrek desfase nabarmenak sortarazi ditu. Jokalari berriak eragile asko eta jarrera asko lekuz kanpo utzi baititu, hau da, garaiz kanpo.
Bateragune auziarekin erabat argi gelditzen ari da. Atxiloketen garaian ere argi zegoen Arnaldo Otegi eta gainerakoak ez zeukatela zerikusirik egozten zitzaienarekin, eta bake garai berri bat eraikitzeko konprometituak zeudela. Atxiloketen ondoren Donostian egin zen manifestazioa horren erakusle izan zen. Baina gaur egun edonork ikusten du. Are gehiago auzipetuek emandako azalpenak entzunda. Argi utzi baitute leporatzen zaienaren kontra zeudela, hau da, ETAk 2009ko agirietan agertzen zuen jarreraren kontra zeudela. (...).
Hauteskundeen ondoren, egoera berriaren argazki politikoa garbi gelditu denez epaiketa bera absurdo bat bada, are zentzugabeagoa eta bidegabeagoa izango litzateke zigor epai bat.
Auzipetuek nabarmendu dute Bilduk lortutako emaitzak norabide aldaketarako apustuaren arrakastaren froga direla. Bilduren arrakastarekin, haien erreferentzialtasuna indartu egin da. Beraz, haien askatasunak -Bateragune auziko absoluzioak- martxan dagoen bake bide hori bultzatzea eta azkartzea baizik ez luke ekarriko.
Donostiako Udalarekin gertatzen ari dena da garai berriaren paradigma. Ordu gutxitan berreskuratu da giro adeitsua eta erronka komunen inguruan lankidetza. Zinegotzi guztiek hartu dute parte dantza tradizional baten berreskurapenean. Eskutik lotuta. Eta 2016an Europako kultur hiriburua izateko saria jaso dutenean, elkarrekin ospatu dute. Horrek ez du esan nahi urtetako gatazka eta liskarrak konpondu direnik, baizik eta batzuek diotena baino errazago konpon daitezkeela. Horretarako sasoia etorri dela, eta ez iraganeko ikusmolde eta dinamika zaharkituetan jarraitzekoa.
Donostiako giro horrek erabat desfasatuta utzi du, adibidez, PPk Bilduri buruz Kongresuan aurkeztu duen ebazpen proposamena. (...) Baina lekuz eta garaiz kanpoko dialektikarekin jarraitu arren, Madrilen ere ari dira barneratzen etorri berri den garaia atzera bueltarik gabekoa dela.