GARA > Idatzia > Kultura

KATE MOTZEAN: PERNANDO BARRENA

«Jairik onenak norberak bere habitatean bizitzen dituenak dira»

p051_f01_111x111.jpg

Argazkia: Lander F. Arroyabe | Argazki Press

Irlanda gertu sentitu zuen hara egindako bidaian eta herri hark maitemindu zuen. Orain Estatu espainoletik ez ateratzeko agindua du eta Katalunia aldean igarotzen ditu oporrak. Argazkizalea da, baina argi dio: «Denborarekin ikasten da momentu onak ezin direla Compact Flash batean gorde».

Udak iradokitzen dizun hitza edo adjektiboa? 

Beroa eta argia.

Eta usaina?

Bildu berriak diren gari-soroen lurrina.

Udako egunak ala gauak nahiago? Eta zertarako?

Gauak nahiago, disfrutatzeko-edo… horretarako adina joaten ari bazaigu ere…

Eguzkitan ala itzaletan ahal bada?

Beti itzaletan, jakina, baina agerian.

Hondartzan ala mendian, MP3a edo irratia?

Leku lasai batekin eta liburu on batekin konformatzen naiz.

Liburua ala egunkaria?

Biak, egunkariekin hasi apéritif moduan, eta, gero, ordu luzeak eman liburu baten irakurketaz gozatzen.

Bainua hartzeko itsaso bare-barea edo aztoratuxeagoa?

Errespetua diet ur handiei; dutxa nahiago.

Espainia, oporretarako?

Estatutik ateratzea debekatuta dudanez, Kataluniara jotzeko ohitura daukagu. Espainian ere gauza ederrak daude, baina, lagun batek dioenez, ‘disgustutarako baina ez gara joaten eta…’.

Oporretan erabat deskonektatzen duzu edo herrian zer gertatzen den zeharka begiratzea gustatzen zaizu? 

Bai, on line egon beharra dut; gainera, gaur egun oso erraza da.

Mugikorra beti ondoan duzula edo noizean behin piztuz?

Beti ondoan eta piztuta.

Inora oporretan joaten zarenean guztia ondo lotuta eramatea gustatzen zaizu edo nahiago duzu inprobisatzea?

Opor motaren arabera. Plan lasaian baldin banoa hobe dena aldez aurretik lotuta edukitzea ahalik eta buruhauste gutxien izateko. Autoa hartu eta gora eta behera ibiltzea baldin bada plana, beti errazagoa izaten da inprobisazioari leku egitea.

Argazki makinaren laguntzarekin dena gordetzen duzu ala memoriaz fidatzen zara?

Argazkizalea naiz gaztetandik, baina ez temati horietakoa. Denborarekin ikasten da momentu onak ezin direla Compact Flash batean gorde; buruak baino ez du ematen oroitzapen on baten bermea.

Egin duzun oporraldirik bereziena?

Irlandara lehenengo aldiz joan nintzenekoa, 87an. Oso gertu sentitu nuen eta maitemindu egin nintzen; oraindik hala nago.

Ametsetako oporraldia?

Asko dira. Gustura zeharkatuko nuke Kanada autokarabana batean, Afrika hegoaldeko herriak ere bisitatuko nituzke, Europa iparraldean barna ibilbide bat egingo nuke... Eleberri beltzak maite ditudanez, Wallanderren Ystad (Suedia) ezagutu nahiko nuke.

Udan huts egiten ez duzun zita?

Berriozarko jaiak, abuztuaren bukaeran. Festarik onenak zure habitatean egiten direnak dira.

Uda perfektu hura gogorarazten dizun kantua?

“Ride on”, Christy Moore abeslari irlandarrarena.

Irakurri eta erabat harrapatu zintuen liburua?

“Riomundo”, Jon Maiarena. Gure herrian kanpotar sentiarazi gaituzte askotan eta “Riomundo”-k denak etorkinak garela gogorarazten digu, edonon egonda ere gakoa duintasuna ez galtzea dela.

Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?

Foehn efektua. Espainiatik datorren giro hotz eta erasokorrak topo egin du euskal mendien gailurrekin, eta, hortik behera, euskal herriratzean, giro epel eta atsegin bihurtzen da. Bildu efektua deitu dena Foehn efektua litzateke terminologia meteorologikoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo