GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Banku desberdinak

Bost urte lehenago! Bai, bost falta badira ere, hasiak dira Europako kultur hiriburua izango den horretan egitaraua gauzatzen. Horra, zalaparta-saio entzutetsua, atariko legez. Eta hain da zabala egitaraua non lehenengo ekitaldi hori Ebrotik haratago egin duten, elkartasunez edo. Ene, ene! Zabor-poltsak erostean oparitzen dizuten bigarren zereko preserbatiboa gutxiago urratzen da batzuen kultura baino. Badakizu, is different! Tira, harira. Greziako herrira. Klima aldaketaren inguruan diren zalantzazkoak ageri dira egunotan hango hiriburuan. Tenperaturak gora egin du, beroketa globala edo, agintarien materia grisa lurrundu arteraino igo ere, baina, hala ere, Akropoli inguruko erreketan urak handituta doaz, zerikusirik ez atmosferaren idorrarekin. Seguruenik, plazarik plaza bota dituzten gas negar-eragileek eragindako negar-oldeak handitu ditu urok. Negutegi-efektuko gasotan, behintzat, murrizketarik ez hango plan berrian. Europak Greziari emandako horri laguntza esatea ere! txantxetan dirudite. Laguntza baino gehiago zigorra ematen du horrek, murrizketarik ez duen murrizketa sorta ikusita. Hipokrisia-alarde horrekin bazter geratzen da krisia bera, ez alardea.

Tira, krisira. Uraren zikloarekin batera diruaren zikloa ere irakatsi beharko lukete aurreskoletan. 0-3 arteko gaurko umeak bihar-etziko negar-eraginak izan litezke eta. Europako diru publikoa laguntza modura zelan daramaten Europako bankuek Grezian duten zakua betetzera, interesak interes. Publikotik pribatura; dirua bera, eskuak desberdinak. Zikloarekin zerikusirik ez, ura, azken finean, beti bueltatzen baita hasierako puntura, zikloa ixten, dirua ez bezala. Eta bankuak banku, horra gurean egin duten ekarpena, sanpedroak baiatuz: Kutxabank. Errauste-plantatik ke-mutur zuria atera da. Habemus banku. Zerikusirik ez Bateragune auziko lagunek azpian duten bankuarekin.

Eta Tourreko giroa bueltan. Laster batean, Rabobank, Saxobank eta bank horien ondoan Kutxabank ere irakurri liteke hemengo txirrindularien ipurdi aldean. Hamaika irakurtzeko gara gero! Semenbank ote? Kapaz! Pirinioetako bazterrak koloreztatuko dira, berriro ere, larreetako ohiko koloreez gain. Beheko Estatuko komisarioek GPS ikastaroan diraute egun han, horko pistetan zehar zelatatzen dituztenak ez galtzeko. Hain doaz astiro! zelatatuak esan nahi dut. Kontuak atera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo