GARA > Idatzia > Mundua

Thaksin presidente ohiaren itzalak markatuko ditu gaurko Thailandiako bozak

Itzalean, jaioterritik urrun dagoen pertsona batek guztiz markatu ditu Thailandiako hauteskundeak, bera izan baita Pheu Thai oposizioko alderdiaren lema gidatu duena. Inkestek irabazle jotzen dute deserrian bizi den Thaksin Shinawatra lehen ministro ohia.

p028_f01-250X128.jpg

Ainara RODRIGUEZ

Harri kozkorrez betetako zorroa dute aspaldidanik bizkar gainean thailandiarrek; zatiketa eta ezinikusi franko eragin dizkien karga. Bizipen latzak gainditzea egokitu zaie, pasa den urtean Bangkokeko erdigunea hartu zuten istilu larriak kasu. Marea gorri batek urperatu zituen hiriburuko kaleak bi hilabetez, eta zifra lazgarriak ere utzi zituen protestaldiak: 92 hildako eta 1.900 zauritu datu ofizialen arabera. Gertaera horiek, aldiz, bilduma mardul baten erretratu bat gehiago baino ez dira.

Gaur egingo diren hauteskunde orokorrek esperantza izpi bat eraman dute Thailandiara; azken urteetako arrakala behingoz ixteko itxaropena badute, behinik behin, herritarrek; pasa den urtean Bangkok hiriburuko karrikak hartu zituzten «alkandora gorridunek», batez ere.

Izan ere, azken asteetan kaleratutako inkestek nabarmentzen dutenez, protestak bultzatu zituen Pheu Thai alderdiak ditu gaurko bozak irabazteko aukera gehien. Beraz, ustelkeriagatik kondenatuta dagoen arren, Thaksin Shinawatra lehen ministro ohiak irabaz ditzake hauteskundeak, nahiz eta garaipenaz gozatzeko parada izango ez duen; Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) dago uneotan, eta handik zuzendu du, oposizioak zenbait bider deitoratu duenez, bere arreba, Yingluck, buru duen Pheu Thai alderdia.

Familiako zenbait telekomunikazio enpresa zergarik ordaindu gabe saltzeagatik zigortu zuten Thaksin bi urteko kartzela zigorrera 2008an. Kolpe militar batek lehen ministro kargutik kanporatu zuen, eta atzerrian bizi da ordutik. Politika guztiz populista egin eta monarkiaren kontrako mehatxua izateagatik kritika zorrotzak pilatu izan ditu, baina, aldi berean, ekinaren ekinez, muturreko egoeretan bizi diren herritarren sostengua bereganatzea ere lortu du. «Thailandiarrek asko miresten dute Thaksin», dio Payap de Chiang Mai unibertsitateko Paul Chambers irakasleak. «Jendartean erraz ulertzen da politika egiteko duen modua, arazoak nola gainditzen dituen».

Nola edo hala, horixe profitatu du Pheu Thai alderdiak kanpaina egiterako orduan. Yingluck hautagaiak argi eta garbi utzi du hasiera-hasieratik alderdian benetan agintzen duena bere neba dela. Kanpainako leloari erreparatzea besterik ez dago: «Thaksin-ek pentsatu egiten du, Pheu Thaik egin».

Abhisit, urduri

Aurreikuspenak bete eta, azkenean, lehen ministro ohiaren alderdiak gailentzea lortzen badu, Thaksin bera oso epe laburrean itzul daiteke Thailandiara. Yingluck prest agertu da bere nebari amnistia onartu eta kartzela zigorretik salbu uzteko. Thaksinek berak esana du abendurako jaioterrira itzuli nahiko lukeela, izan ere, orduan ezkonduko da bere alaba.

Azkenean horrela gertatuz gero, Thailandian berriz ere ezegonkortasuna nagusitu daitekeela nabarmendu du egungo lehen ministro Abhisit Vejjajivak. Alderdi Demokratikoko zerrendaburu gisa aurkezten da Abhisit gaurko bozetara, eta, bera da, preseski, Thaksinen aurkaririk arriskutsuena. Kanpaina amaierako ekitaldian, dei berezia egin nahi izan zion Pheu Thai oposizioko alderdiari: «Gizon bakar baten interesak herrialde osoaren interesen aurretik ez jartzea eskatu nahi diot oposizioari». Abhisit benetan izutzen duena baina, Thaksinek berak Thailandiarentzat diseinatutako estrategia da.

Sortutako itxaropenak itxaropen, adituak ez dira baikorrak. Thailandiako Hauteskunde Batzordeak nazioarteko begiraleen presentzia baimendu duen arren, azken urteetan nagusi izan diren istiluek hauteskunde eguna baldintzatuko duten beldur dira.

Azken hilabeteak, hain zuzen, ez dira batere trankilak izan Thailandian; iturri ofizialek jakitera eman dutenez, kanpainan zehar izandako erasoetan lau hautagai hil dituzte. Azken erasoa apenas astebete dela gertatu zen; aurpegia estalita zuten hainbat gaizkilek Yala probintzian Alderdi Demokratikoko burua zen Sophon Songkaew hil zuten meskita batetik irteten ari zela. «Tamalez, boz hauek istiluak berpiztea eragingo dute, irabazten duenak irabazten duela, kaleak hartuko baitituzte manifestariek», iragarri du Chambers irakasleak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo