GARA > Idatzia > Kultura

NOLA ALDATZEN DIREN KONTUAK: DONIBANE LOHIZUNE

Uda bero, negu hotz

p050_f01.jpg

Testua: Xabier SOUBELET        Argazkia: Jagoba MANTEROLA| ARGAZKI PRESS

Uztailaren lehena, oporretan gaude. Mutil gazteen solasak bizi-bizirik airean dabiltza. 1968. urtea da, 15 urte ditut. Ohiko tabernan gaude, eztabaida urduritsua sortu da: geltokirantz nola abiatu? Urteroko galdera gozoa. Aurten ere ohiko suediar neska multzoa Donibane Lohizunera uda pasatzera badatorrela jakin dugu, etzi, eta zerbitzari leial batzuen pare, urtero antolatzen den espedizio ligatzailea geltokirantz pil-pilean doa, begi urdineko neska lirainei ongietorria egiteko asmoz bertako mutilok osatzen duguna. Urtero berdin.

Irri maltzurrak ezpainetan, ea nork fardela eskutik hartu eta taxiraino eraman, ea nork treneko atea ireki eta irri gozoz agurtu, ea nork eskolan ikasitako ingeles kaxkarra erabili besteak baino gehiago izateko... Uda hasten da eta airean hegaldatzen diren ile argi leun luzeek bi hilabete mugituei hastapena ematen dietela badakigu.

Dagoeneko 43 urte iragan dira eta neska suediar haien ilobek eta bilobek Donibaneko geltokian bertako mutiko gazteak orain ere haien oinetara makurtzen dituzte, oraindik neskatxa begi urdinak udaro herrira etortzen direlako. Lehen bezala ere, etxeetako leihatila gorri eta berdeak zabaldu dira ipartiar eder horiei ongietorria egiteko eta mutil gazte harro horien jokaeraz irribarre trufagarria egiteko.

Neguko lokarmen tristea atzean gelditu da, leiho itxietako erreinu hitsa, euri lakarrez hazia, lanik gabekoa, gazte eskasekoa, hirugarren adineko eremu isila. Eta nik ia mende erdi bat gehiago bizkarrean dudala... Hala ere, gauzak ez dira gehiegi aldatu eta lehen ziren hiru ikuspegiak bizi-bizirik daude oraindik: turismoa gaitzesten duen bertako gazte abertzalearena, kanpotarrena eta turismoz bizi den bertakoarena, edo kanpotar bihurtu den herritarrarena.

Nire auzoan, bost seme-alabako donibandar famili bat bizi da, betikoa, udaro bizitoki berria hartzen duena, lorategian dagoen garajerantz bi hilabeterako abiatzen dena, bere betiko etxea utzirik, antolatu duen apartamenduan bizi estua iragatera badoana, alokamenduek sosa mordo bat ateratzen baitute. Haien alaba nagusia herriko ostatu batean ontziak garbitzen lanean hasi da, lan gogorra baina diru iturri dezentea ekartzen diona; bigarrena turista batzuen haurrak zaintzera badoa; tarteko semeak herriko etxeak eskainitako hondartza lan batean izena eman du; laugarrena udaltzaingoak eskaintzen dituen lanetan sartu da. Benetan etekin ederra famili horrena, etxeko kutxan neguan sartzen ez dena betetzekoa. Eta nik diot, zer egin behar dut? Gure gizartea ikuspegi alaiekin begiratu, oporretako betaurrekoekin edo bizitzeko baldintza txarrak neurtzeko betaurreko beltzekin?

Uztailaren 31ra arte

Ba, famili horren bosgarren semearen uda pasatzea erabaki dut, atzo suediar begi urdin baten eskutik Gambetta karrikatik paseatzen ikusi bainuen. Oporrak opor! Hala baitio berak, uztailaren batean geltokirantz zerbitzari gisa hurbildu zenetik, uztailaren 31ra arte. Hilabete liluragarria ilehori txoragarri horren besotik, nahiz eta aita-amekin samurturik egon, lan egin beharko lukeela baitiote.

Baina zertarako lan egin? Hobe hondartzara joan eta badiako uretan igerian lasaiki ibili, Louis XVI.a plazako terrazetan peche melba gozo bat zaporatzen berandu arte patxadaz egon, itsas bazterreko ibilaldi paregabean amoroski paseatu, inoiz neguan zapaltzen ez den jatetxe bateko mariskoak dastatzera hurbildu, bi hilabeteko irekitzen diren izozki denden aurrean, izozkien koloreen jokoa artez so egiten egon, eta nola ez, eguzkia baliatu egunero itsasoan murgilduz... Uda baliatzekoa baita, neguan halakorik ez baitago, edo gutxi, udazkenari eta udaberriari, negu deitzen baitzaio, uda ez denak halako izen krudela hartu baitu hemen.

Neguan bezala noizean behin bada itzalik, euri zaparradak dira, baita ere euri lakarrez hornituriko egunak, etxean lasai egotera jendea bultzatzen dutenak edo gozoki zinemarat daramatenak. Besterik ez baita, ez baldin bada Ibardinera joatea, tabakoa eta alkohola erostera, edo trago batzuk egitera, egiazko donibandarrek neguan usu egiten duten bezala, turistek ezagutzen ez dutena baina laster ikasten dutena. Baita ere jasan behar dituzten beribil lerro luzeak, herrian sortzen direnak, berriz ere bertakoak inbasioaren aurka altxatzen dituztenak.

Baina tira, ez naizela kexatu behar ahantzi bainuen, han goian ikusi baitut, Ibardineko Benta Berriko terrazan gure izen gabeko bosgarren semea, Ricard bat esku batean, begi urdin gaztea bestetik eztiki hartuta, suediar politaren azken opor egunak gozatzen, etzi, hilabete baten ondotik, Europako iparralderantz berriz ere badoalako. Akabo aurtengo lagun erdi gozoa, akabo uztaileko ilehori laztana. Agian datorren urtera arte. Baina laster, agorrilean, bigarren neska txanda helduko da eta mutilak prestatzen ari dira dagoeneko, gazte gogoetan baitaude. Bi egun eskas dira eta uztailean suediarrik gabe gelditu diren mutilak esku hutsik egoteko egin dituzten akatsak nola zuzendu pentsatzen ari dira. Gure lagunak, aldiz, bere burua horretan ez dauka, maitemindurik dela ezin delako ukatu eta bortxaz bere bihotza hartu duen neskatxa utzi behar, ahantzi behar, ohiko negu luzean sartzeko.

Anai-arrebak lehen hilabeteko uda lana amaitzen ari dira, nahiko nekatuak, baina dirua sakeletan. Gure alper xamarrak bizi ezin hobea eraman du lehen hilabete honetan, beste donibandar askok bezala, agian bigarrena berdintsua izanen du, egia aitortzeko bizia erabat aldatzen delako uda giroan sartu nahi duenarentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo