Saioa Sanchezek poliziek espetxetik epaitegira bidean jo zutela salatu du
GARA |
Saioa Sanchez euskal preso politikoak bera zaintzen ari ziren polizien erasoa jasan zuen pasa den ekainaren 25ean, Poitierseko espetxetik epaitegira eraman zuten egunean, askatu.org atariak jakinarazi duenez. Estradizio eskaera batekin lotutako diligentzietan parte hartzeko eraman zuten Sanchez epaitegira.
Presoak adierazi duenez, kaputxadun poliziak joan ziren Sanchezen bila, eta eskuburdinak bizkarraren atzealdean jarri zizkioten. San- chezek aurrean jartzeko eskatzean, polizien erantzuna eskuburdinak gehiago estutzea izan zen. Berriro protesta egin zuenean, lurrera bota eta arrastaka eraman zuten furgonetara. Kolpatu ere egin zuten eta epaitegirako bidean furgonetan etzanda eraman zuten. Polizia bati identifikazio zenbakia eskatu zion Sanchezek epaitegian, baina honek ez zion eman. Espetxera itzuli zenean, bertako medikuak azterketa egin zion, baita argazkiak atera ere. Gertaera hauen ondorioz salaketa aurkeztu du preso politikoak.
Bestalde, euskal preso politikoen defentsan, 32 lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo Hondarribian.
Oier Ardanaz
Atzokoan ere ez zuten inolako informazio ofizialik eskaini asteazkenean polizia frantsesak atxilotu zuen Oier Ardanaz gazteari buruz. Ustez, auto istripua izan ostean atxilotu eta ospitalera eraman zuten Ardanaz.