GARA > Idatzia > Kultura

Goiena Komunikazio Taldeak jaso du Rikardo Arregi kazetaritza saria

«Xabier Lete gogoan» lelopean, atzo egin zen Rikardo Arregi kazetaritza sarien 23. edizioko sari banaketa. Sari nagusia Goiena Komunikazio Taldearentzat izan zen; sari berezia, Ainhoa Oiartzabalentzat; eta, kazetari berriaren saria, Igone Fernandezentzat. Miren Jone Azurzak eta Ignazio Arregik ohorezko aipamena jaso zuten, eta, Atxagaren «Erlea» aldizkariak, merezimenduzko aitormena.

p054_f01_199x96.jpg

Ane ARRUTI | ANDOAIN

«Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak», abesten zuen Xabier Letek eta atzo, Andoainen bildutako euskal kazetaritzako enbor sendoek eta bide horretan doazen adaxka gazteek gogoan izan zuten oiartzuarra, Antton Valverde eta bere pianoaren laguntzaz, Rikardo Arregi XXIII. Kazetaritza Sarien banaketa ekitaldian.

Etengabeko eraldaketa zurrunbiloan murgilduta dagoen ogibidean lehena eta oraina elkar hartuta agertu ziren Bastero kulturgunean egindako ekitaldian. Andoaingo Udalak izendatutako epaimahaiak, hiru sari banatzeaz gain, merezimenduzko aitormena eta ohorezko aipamena ere egin zituen, guztien lanean «bikaintasuna eta berrikuntza» azpimarratuz.

Gaur egungo teknologia eta erraztasunik gabe lanean gogor jardun zuten bi kazetarik jaso zuten ohorezko aipamena: Miren Jone Azurzak eta Ignazio Arregik, Andoaingo alkate Ana Carrere eta Lakuako Kultura sailburu Blanca Urgellen eskutik. Patxi Baztarrikak, epaimahaiaren izenean, honela adierazi zuen: «Euskarazko kazetaritza modernoaren zutoinen eraikuntzaren aitzindari izan dira Azurza eta Arregi, prentsa idatzian eta irratigintzan zehatz esanda». Azurza «Zeruko Argia» aldizkariaren zuzendaria izan zen 1969tik 1975era eta garai zail haiek izan zituen gogoan. «Euskalduna nintzen, abertzalea, kazetaria... erantzukizuna eskatu zidatenean ez nuen zalantzarik izan». Arregi, berriz, Loiola Herri Irratiko esatari izan zen 1965etik aurrera, baita Eusko Irratiaren lehenengo zuzendaria ere.

Sarietara pasatuz, Goiena Komunikazio Taldearentzat izan zen sari nagusia, «2010eko urrian sarean egindako berrikuntzagatik eta hedabide multimedia integrala eta integratua antolatzeagatik». Eneko Azkarate eta Inazio Arregik jaso zuten 9.000 euroko saria, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroigarria.

Ainhoa Oiartzabalentzat izan zen, bestalde, epaimahaiaren sari berezia, 2011ko otsailaren 20an «Berria» egunkariko «Igandea» gehigarrian argitaratutako «Nork hil zuen Begoña Urroz?» erreportajearengatik. 4.000 euro jasoko ditu. «Iturri asko landu ondorengo lana da, lekukotasun ugari eta erabakigarriak jasotzen dituena», esan zuen epaiak. Erreportajeak «Egia, lehen biktima» zuen azpititulu eta «ea egia protagonista bihurtzen den», esanez bukatu zuen Oiartzabalek bere eskertza.

27 urte artekoen lanak aintzat dituen kzetari berrien saria, aldiz, Igone Fernandezentzat izan zen, «Gaztezulo» aldizkarian 2010eko ekainetik 2011ko maiatzera bitartean argitaratutako elkarrizketa eta erreportajeengatik. 3.000 euro jaso zituen. «Euskal Herriko gazteei kalitatezko zerbait eskaini nahian jarraitzen dugu», esan zuen.

Bukatzeko, Bernardo Atxagak zuzentzen duen «Erlea» literatur aldizkariari merezimenduzko aitormena egin zion epaimahaiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo