GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Gaur fisikaren legeak errepasatuko ditugu

Gaurkoan fisikako ikasgaiari errepasotxo bat egitea tokatu zaigu. Txirrindularitza erresistentzi kirola dela esan ohi da, baina gaurko etapan erresistentziari indarraren kontzeptua nagusitu zaio. 190 kilometro abiadura bizian egiteko erresistentzia beharrezkoa dela argi dago, baina azken kilometro horretan ikusi dugun erakustaldia emateko indar asko behar da! Irakasleak fisikako kontzeptuak azaldu zizkigun garai hura nahiko aparte geratzen zaigu gehienoi ere. Indarrak, masa, azelerazioa, marruskadura, grabitatea eta abar, teoria hutsa iruditzen bazitzaizkigun ere, gaur praktikara ekarri dizkigu Philippe Gilbert maisu handiak.

Horren gustuko dudan txirrindulari ausart hau deskribatzeko hitz bakarra datorkit burura: indarra. Indarraren definizioa arakatzen ibili naiz eta ondorengoa hau aurkitu dut. «Indarra: edozein gorputzen higidura edo geldialdia perturbatu dezakeen eragina da, abiaduraren modulua edo norabidea aldatuz, hau da, azelerazioa emanez».

Newtonek, bere bigarren legean dinamikaren oinarrizko printzipioa proposatu zuen: «Gorputz batean eragiten duen indarra, objektuaren masa eta azelerazioaren arteko biderkaduraren zuzenki proportzionala da». F=m.a. Praktikara ekarriz, Philippe Gilberten masa dezentekoa izango da, 70 kg ingurukoa izango dela uste dut, eta azken metroetan bere txirrinduari eman dion azelerazioa kalkulatu ez bada ere izugarria izan dela kontuan izanik: emaitza argi dago, gizon honek daukan indarra ikaragarria da!

Gaur egun txirrindularitza asko garatu da prestakuntza aldetik eta entrenamendu guztiak neurtu ohi ditugu. Abiadura, distantzia, denbora, gainditutako altuera desnibela, bihotz taupadak eta azkenaldi honetan batere mugitzen ez diren wattak. Azken hori, egindako lana kalkulatzeko erabiltzen da. Potentzia adierazten du eta potentzia indarra eta abiaduraren biderketa da: Potentzia mekanikoa = F.v. Gustatuko litzaidake Philippek azken metroetan zenbat watt mugitu dituen jakitea! Gizon hau Newton eta gainerako guztien legeak apurtzeko gai da!

Formulak eta legeak alde batera utzita, guretzako gaurko egunak ez du emaitza positiborik izan. Tourrean aurreneko egunetan ohikoa den legez, tentsioa eta erorketak izan dira protagonista. Arreta guztiz lehiatu eta egun osoa zentzu guztiak erabilita ibili arren, sarritan ezinezkoa da erorketak saihestea; lehen etapa honetan Pablo Urtasun, Ruben Perez eta Egoi Martinezek probatu dute asfaltoaren garraztasuna eta gainerakook erorketa horien ondorioz denbora galdu dugu helmugan. Ez da hasiera hoberena baina luzea da Parisera arteko bidea eta izango dira egun hobeak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo