GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Euskal Herria zuzenean festibala

Giro bero-beroa biribilduz electro rock indartsuarekin bukatzen diren gauak

Indarrez abiatu zen ostiral gauez EHZ festibalaren hamaseigarren edizioa. Izan ere, lehen egunean bildutako ikusle kopurua esanguratsua izan zen zinez: 8.000 lagun baino gehiagok gozatu ahal izan zuten Morcheeba, IAM eta Nasser taldeen emanaldiekin edota Goran Bregovic handiaren orkestrarekin.

p052_f01_250x116.jpg

Koldo OTAMENDI

Anari, Tokyo Sex Destruction eta Killers taldeen emanaldien ondoren hasi zen musika agertoki handian. Morcheebaren emanaldia arratseko zortzi eta erdietarako zegoen iragarria, eta, talde britainiarra, puntualitate britainiarrarekin igo zen taula gainera. Musikariak hartu zuten eszena lehenik eta lehen kantuaren erdialdean azaldu zen Skye Edwards abeslaria soineko gorri eta zuriz. Godfrey anaiekin batera, Morcheeba taldearen bizkarrezurra osatzen du, eta, duela bi urte taldera itzuli zenetik, bizi berria eman dio musika egitasmoari. Bide horretan, begirada guztiak hartu zituen, taldearen baimenarekin betiere. Eszena gaineko piztia da Edwards: bere ahotsaren tinbre ezberdinak, mugitzeko erak, eta taula gainean duen izaera eta presentziak biziki maitemintzen dute. Emanaldia kantu instrumental batekin abiatu ostean, betiko klasikoak eta konposizio berriak nahastuz aritu ziren ordubete iraun zuen emanaldian. Ordutegiak ez zion on egin taldeari, milaka musikazale Heletarako bidean baitziren oraindik taularatu zirenean. Hala ere, emanaldi biribila eskaini zuten.

Goran Bregovic zuriz jantzita azaldu zen ikusleen txalo artean. Akordeoia, haize sekzioa (tronpetak, tronboia, saxoa...) eta koroak oholtzaren alboetan zirela, bi emakume abeslarien laguntza izan zuen azpi ahotsak egiteko, eta, emanaldiaren zenbait tartetan, gitarra zein bestelako musika tresnak jo zituen. Akordeoiaren eta haize sekzioaren presentzia handia da Breogovicen musika proposamenean, apurka handitzen diren kantuak landuz, musika eztanda bilakatu arte. Taula gainean zituen musikariez gain, aurrez grabaturiko sekuentzi piloa erabili zituen, taula gainean sorturiko musikaren osagarri. Berak idatziriko musika, batez ere, film ezberdinetan agertzeagatik egin da ezagun, eta kantu horietako batzuk entzuteko aukera izan genuen. Gainera, «Bella Ciao» italiar kantu borrokalariaren moldaketa bat ere egin zuen, ikusleen artean eztanda sortuz. Ez ziren falta izan «Kalashnikov» bezalako kantu ezagunak ere.

Ostiral gaueko izen esanguratsuenen artean, IAM taldearena nabarmendu izan da bereziki. Marseillako banda aitzindaria izan zen estatu frantsesean hip hop doinuak lantzen, eta, horrek, noski, sona eman dio taldeari. Ostiral gauez Heletara gerturaturiko musikazale asko IAM ikustera etorritakoak ziren, eta emanaldia hasi aurretik ere milaka ziren taldea eszena gainera igotzeko esperoan zirenak. Eta IAMek ez zuen hutsik egin. Eszena gainean musikari piloa batzen dituen taldea da honakoa. Disko jartzaile bi, scratxak eta sekuentziak bidaltzen dituen beste lagun bat, teklatuak, baxu-jotzailea, eta, guztien buru, MC edo abeslariak. Bi abeslarik eraman zuten taldearen pisua nagusiki, baino emanaldiaren zenbait tartetan bost kantari izatera ere iritsi ziren. Egoera horrek, ahots joko eta melodia ezberdinen batura ekarri zuen, Marseillako bandaren musika eskaintza aberastuz. Emanaldi osoan zehar ugariak izan ziren ikusleei egindako keinuak, baita txalo trukeak ere. Komunikazio askoko kontzertua izan zen, ikusleen eta taldearen arteko konplizitatea piztuz. Emanaldiaren zenbait pasartetan eszenografia desberdinak erabili zituzten: koreografiak, eszena gaineko errekurtso bisualak, baita «Star Ward» filmeko soinu banda ere. Eta neoi argidun ezpata koloretsuak!

Hip hop doinuak isildu bezain laster, Estricalla taldearen hardcore oldarkorraren lehen zaratak entzun ziren zirku karpan. Agertoki handietatik at, hobe mugitzen da Estricalla areto txiki eta zulo ilunetan. Bide horretan, emanaldi indartsua burutu zuen taldeak. Argitaratuak dituzten bi diskoetako kantuak jo zituzten, zuzeneko emanaldietan ohikoak dituzten zenbait bertsiorekin batera. Taldea egoera onean dela argi utzi zuten. Fernando Sapo ezagunaren ahots izugarriak atzean duen bandaren indarrarekin bat egiten duenean, zanpagailu geldiezin bilakatzen da Estricalla taldea.

Elektro rocka

Berriz ere agertoki handian, Nasser taldearen emanaldia iritsi zen. Askotan, festibaletan, izen ezagun eta esanguratsuekin geratzen gara, hainbeste sona ez duten taldeak bigarren plano batean lagaz. Alta, badira oharkabean gaueko ezuste bilakatzen diren bandak. Nasser taldearen emanaldia norabide horretan koka dezakegu. Marseillako bandak elektro rock musika egiten du; hiruko formazioarekin, aurrez programaturiko musika zuzenean taula gainean egindako doinuekin nahasten du, horretarako bateria, gitarrak, sekuentziadoreak eta sanplerrak erabiliz. Emanaldi biribila burutu zuten, oso indartsua eta intentsitate handikoa une askotan. Aipagarriak ere taldeak erabili zituen argi joko ikusgarriak; kantuen esentzia indartu eta ikuskizuna aberastu zuten. Oraindik musika gose zirenek, elektronika giroan jarraituz, gaueko azken musika proposamena ikusteko aukera izan zuten: La Catcheur et la Pute disko jartzaileen emanaldia.

Larunbat goiza musika gose esnatu zen Heletan. Egun osoan zehar herri guneko toki ezberdinetara zabaldu zen musika: plazan kale animazioak, fanfarreak eta txarangak izan ziren protagonista, eta, Antxerteta gunean, Iparraldeko taldeak aritu ziren musika tresnak astintzen eguzki beroaren azpian. Arratseko sei eta erdietan Xutik taldearen musika festa abiatu zen, eta, segidan, Ken Zazpi eta Split 77 taldeen musikaren txanda iritsi zen. Euskal Herriko musika taldeek, zalantzarik gabe, presentzia nabarmena izan zuten atzoko egunean EHZ jaialdian.

Gaur, berriz, festibalaren azkenengo eguna ospatuko da Heletan.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo