GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Boikotatzaileak

Nire ezjakintasunean botikara hurbildu nintzen bagina-eraztuna errezetarik gabe erosterik ote dagoen galdetzera, gerta bailiteke epea igarota ginekologoarengana joateko astirik gabe esku hutsik geratzea. Botikariak, emakume prestuak, errezetaren arrazoi eta beharraren ingurukoak azaldu ostean, egun errezetarik gabe ematen denaren kontrako alegatuari ekin zion, nire txundidura aurpegiari muzin eginez.

Izan ere, emakumeak ez zuen batere gustuko hurrengo eguneko pilularen kontua, nabari zitzaion, eta aitzakia kontrolik gabeko hormona-irenstearen sarraskiak eta eskatzaileen gaztetasuna baliatu zituen, «badakizu nola dabiltzan egungo neskatxa txoroak», larrialdiaren, estutasunaren eta norbera bere buruaz arduratzeko gaitasunaren faktoreak kontuan hartu ere egin gabe. Are gutxiago, pilula hartzera doan neskak atzean mutil bat duela, edo izan duela, behintzat. Sexu-kontuetan beti baitirudi emakumeak bakarrik aritzen garela, arazorik sortuz gero, gizonari inolako erantzukidetasunik egotzi barik, gozatu izanagatik zigorra mereziko bagenu bezala tratatzera ere iritsita.

Jarrera hori, botikariarena, tamalez ez da ezohikoa oraindik, farmazia sektoreaz harago. Emakumeok gure aldeko garaipen bat lortu dugun bakoitzean, jendartearen berdintasunerako beste aurrerapauso bat, askeago eta burujabeago bihurtzeko helburua izan duen arau edo legeren baten ezarpena, esaterako, horren guztiaren kontra daudenen muturrak jasan eta gaitzespenak entzun behar izan ditugu, dagoeneko klasikoak bihurtu diren mota orotako aitzakien pean, eta ez naiz prentsan eta hedabide handietan lekua izaten duten betikoei buruz baino ari, baizik eta baita gure eguneroko bizimoduan topatzen ditugun banakoen inguruan ere, hasi etxetik eta kalera. Oraindik ere harritu egiten nau horietako asko emakumeak izateak, baina, batik bat, hainbesteko suminduraz jarduteak, atzetik etorri garen emakumezkoen belaunaldiok jendartearen oinarriak eta bertuteak leherrarazi bagenitu bezala, gu salbuetsita beste guztienganako errespetu ezaz ariko bagina bezala, gutiziak eta gehiegikeriak bultzatuta.

Eskerrak dagozkigun eskubideak eta horiek bermatzeko bideen norabidea argi ditugun, eta jendartean dabiltzan berdintasunaren boikotatzaileen, publiko eta pribatuen, presiopean amore ez emateko adore eta gaitasunari eutsiz aurrera egin dugun, emakumeok elkartuta, mendeetako etengabeko borrokan, baina baita norberak bere eremu pertsonalean ere. Hala izan ez balitz, ez legoke gobernu bat bera ere demokraziaz osatuta; berriki 30 urte bete dituen Dibortzioaren Legea Errepublika garaiko egitate ahantzia litzateke, eta zenbat eta zenbat jende zoritxarreko, ozpindu, eta baita esklabo ere; ez zatekeen sekula Abortuaren Legea ezarriko, familiaren erakundea desagerrarazi barik, lagundu egin duena hainbeste bizitza hondatu ekiditen... Ez ziratekeen hainbeste gauza aldatuko, handi eta txiki, eta emakumeok bigarren mailako herritarrak izaten jarraituko genuke, baita botikari prestua ere. Berak ere entzun zituen nireak, ez dugu-eta gure eskubideez zertan lotsatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo