GARA > Idatzia > Kultura

ERREPORTAJEA

Aiton-amonen lan sasoia

Lana da, baina ez dute hitz hori erabili nahi. Ukoak egin behar izaten dituzte bilobak zaintzeko, baina esperientzia asegarria da beraientzat. Uda garaian bilobak zaintzen dituzte haurren gurasoak lanean dauden bitartean. Trukean, ordea, bilobekin harremana indartu eta esperientziak partekatzeko «pribilegioa» dute aiton-amonek. «Biloba gauza mordoa lehen aldiz ikusi eta esperimentatzen ari da, eta guk ondo-ondotik hori dena ikusteko eta hainbat gauza azaltzeko aukera paregabea dugu»«Ni gaztea nintzenean emakumeek ezin zuten lanik egin ezkondu ostean, eta nire emazteak lana utzi zuen; Nire hiru seme-alabek lan egiten dute eta gu hor gaude laguntzeko»

p048_f02.jpg

Maider EIZMENDI | DONOSTIA

Bi aste pasa dira jada haurrek ikasturtea amaitu zutenetik. Batzuk lanean oporrak hartu dituzte etxeko txikienak zaintzeko; beste batzuk, aldiz, senide eta lagunen laguntza baliatzen dute euren lanak eta haurren oporraldiak bateratu ahal izateko. Urte guztian hor egoten dira, baina aiton-amonen sasoia da hau, zalantzarik gabe.

Jose Ignacio Murua Pasaia San Pedron bizi da, eta 64 urte ditu. Aurrez hartu zuen erretiroa eta bere iloba Martinekin ordu mordoxka ematen ditu emaztearekin batera. «Gurasoek lan egiten dute eta gu arduratzen gara urte guztian Martin haurtzaindegira eraman, handik jaso eta gurasoak lanetik etorri bitartean berarekin egoteaz», azaldu du.

Uda garaian eskolarik ez du, eta, hori dela eta, goizean zehar ere eurekin egoten da. «Paseatzera, parkera, hondartzara, mendira... joaten gara elkarrekin», azaldu du Muruak.

Irailean 3 urte beteko ditu haurrak, eta, Muruak aitortu duenez, Martin hazten ari den heinean gehiago disfrutatzen du bere konpainiarekin. «Azkarragoa da, gehiago ulertzen du, gure arteko elkarrizketak gero eta politagoak dira; oso pozik egoten naiz berarekin», aitortu du.

«Zer emana badugu»

Etortzen dena etortzen den moduan hartzen daki, ez du pentsatzen ilobaren zaintza bere gain ez balego, egingo lituzken kontuetan; «agian, merkatu gehiago ikustera joango ginateke emaztea eta biok; baina daukaguna hau da eta oso pozik gaude». Egiten dituen gauza batzuk ere ez lituzke egingo, haurra aitzakia hartuta batera eta bestera ibiltzen baita, udan batez ere. «Ume batek asko ematen dizu; pultsuak egiten dizkigu uneoro, proban jartzen gaitu etengabe eta aukera hori izatea niretzat oso polita da».

«Bilobaren erritmoan»

Haurrek aiton-amonekin denbora ematea oso onuragarria dela uste du. «Guk uste dugu gure bilobari zer emana badugula, gure begietatik azaltzen dizkiogu gauzak, mantso, gure esperientzia txertatuta, gure iritziz zer den ona eta txarra azalduz», aitortu du.

Haurraren izaera errespetatzen jakitea ere behar-beharrezkoa da Muruaren ustez. «Gure ilobak izaera bat du, nirearengandik desberdina, eta naiz eta pentsatu gauza bati baiezkoa eman beharko liokeela, berak ezetz esaten badu errespetatzen jakin behar da; horrek nortasuna ematen dio». Heziketa kontuetan ez dute haurraren gurasoekin kontrakotasun handirik izan, ez orain artean behintzat, «baina heziketaren inguruan ikuspegi desberdin bat izango bagenu, gurasoena errespetatu beharko genuke, eurek baitute azken hitza».

Norberari ere bere buruaz hausnartzeko aukera ematen diola haurrak uste du: «Batzuetan zuk ontzat eman duzun modu bat agian ez da egokiena ilobarentzat; berak erortzen ikasi behar du, gauza batekin lau alditan topatu barneratzeko... Bere erritmo eta modua dauka».

Onartzen du alabak hazi zituenean baino denbora libre gehiago duela orain iloba zaintzeko. «Beren heziketarekin arduratzen nintzen, baina denbora gutxiago nuen; ilobarentzat denbora gehiago dut», azaldu du sanpedrotarrak.

Irailean eskolan hasiko da eta bertan emango ditu ordu mordoxka Martinek. «Alde batetik, pena ematen dit, baina eskolan hartzen duen esperientziarekin beste gauza batzuk emango dizkit; onartu behar da hori ere, ezin baita sentimenduz bakarrik bizi».

«Konfiantzazko pertsonekin»

Alabak asko eskertzen die gurasoei Martinekin ematen dioten laguntza, bai uda garaian bai eta neguan ere. Izan ere, haurra gaixotzen denean eta haurtzaindegira joaterik ez duenean, han egoten dira beti. «Lanera lasai joateko modua ematen dio horrek, haurra konfiantzazko pertsonekin utzi duela jakinda». Aiton-amonen etxea bere sentitzen duela haurrak kontatu du harro, «bertan gustura egoten da eta gu ere bai».

Esperimentazio lanetan murgilduta dabiltza uneotan aitona eta iloba. «Bera gauza mordo bat lehen aldiz ikusi eta esperimentatzen ari da, eta guk ondotik hori dena ikusteko eta azaltzeko aukera dugu». Haurrek duten ohiko jakin-minarekin estutasun bat baino gehiagotan jarri du Martinek aitona. «Nik gauza bat ez egiteko esaten diot, eta hark, `baina zuk aitona egiten duzu-eta' esaten dit segidan.... Zer esan behar diozu?», kontatu du.

Oraingoz, iloba bakarra dute eta hari jarrita dituzte begiak eta arreta guztia. «Besteren bat etorriko balitz ez nuke batere gaizki hartuko», bota du hordagoa.

«Garaiak aldatu egin dira»

Koskortuak ditu jada ilobak Julian Azpirozek. Gazteenak 8 urte beteak ditu dagoeneko. 82 urteko donostiarrak onartzen du garaiak asko aldatu direla eta aiton-amonen laguntza ezinbestekoa dela haurrak hezteko. «Ni gaztea nintzenean emakumeek ezin zuten lanik egin ezkondu ostean; nire emazteak lana utzi zuen, eta, beraz, hiru seme-alaba hazteko inoren laguntzarik ez genuen behar izan».

Egun, ordea, bikoteko bi kideek lan egitea oinarrizkoa dela uste du, «bai ekonomikoki bai bestela ere». Familia edo lagunen sarearen laguntza ezinbestekoa da, beraz, eta hor aiton-amonek oinarrizko lana egiten dute kasu askotan. «Orain koskortu dira, baina edozer behar dutela ere hor egon gara gu», aitortu du.

Ikasturtean zehar jangeletan izan den grebari erreparatu dio, eta, aipatu duenez, emaztea eta biak arduratu dira sarri 8 urteko iloba jasotzera joateaz eta bazkaria emateaz. «Edozertarako prest egoten gara. Izan ere, seme-alabei laguntzen diegu, eta, bide batez, ilobak etxean izaten ditugu».

«Gertuko harremana»

Gustuz egiten duen lana da zalantzarik gabe, ordainetan jasotzen duena «handia» baita. «Nire ilobekin gertuko harremana daukat; atzo bertan etxean izan nituen bost ilobetako lau bazkaltzen. Guretzat hori oso handia da».

Erretiroa hartu baino urtebete lehenago jaio zen bere iloba nagusia, eta, beraz, guztiekin aritu dira senar-emazteak ahal duten neurrian laguntzen. «Alaba bat irakaslea dut, eta, beraz, udako oporretan haurrak eta ama, biak, egoten ziren libre», azaldu du.

Gainerakoan, berriz, arazo handiak izaten dituzte gurasoek sarri. Beste alabaren kasua aipatu du zenbait gurasok egin ohi dituzten esfortzuak azaltzeko: «Alabak hilabete batean hartzen zituen oporrak eta senarrak hurrengoan; egun batzuk hartzen zituzten guztiak batera egoteko, baina horrela moldatzen ziren».

Bilobekin izaten dituen elkarrizketak aipatzen ditu, «nik nire kontuak kontatzen dizkiet eta eurek egunean eguneko pasadizoak». Ulertu ezinak ere sortzen zaizkio, ezin baitu jasan «gaur egungo haurrek dituzten gauza guztiak» ikustea: «Denetarik dute eta niri hori ez zait ondo iruditzen, behar baino gauza gehiago dituzte eskura eta niretzat hori ez da ona. Esaten diet seme-alabei, gu eta gure seme-alabak askoz gutxiagorekin hazi ginen».

Ukorik ez duela egin ezin du esan, baina horrek ez du asko arduratzen. «Eguraldi ona egin eta hondartzara ez joatea» da, akaso, gehien kostatzen zaiona, baina bestelakoan ere ez dago geldirik egoteko. «Nagusilanekin aritzen naiz eta zenbaitetan norbaitekin paseo bat ematera irten beharra dudanean ezin izaten dut joan», aitortu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo