Joxemari ETXENAGUSIA Pilotari ohia
Aspaldi jokatutako finalik onena izan da Miribillakoa
Ez geneukan esperantza handirik gertatutakoa gertatu eta gero, baina aspaldian ikusi dugun finalik onena iruditzen zait atzo Xalak eta Aimar Olaizolak jokatutakoa. Ezusteko pozgarria izan da, eta, bide batez , argi geratu da lekuindarrari ez itxaroteko lehen erabakia hartu zuena ondo oker zegoela. Emaitza beste edozein izan balitz ere, finala jokatzeko eskubidea irabazi duenari errespetatu egin behar zaio, are eta gehiago atzokoaz gozatzeko parada izan eta gero.
Hasieratik amorru gehiagorekin irtengo zen Xala bat espero nuen, barruan zuen dena emango zuena, baino nahikoa lasai ikusi dut. Hasi diren bezala, erritmo horretan jokatzen, fisikoki behera egingo zuela uste nuen, eta, Aimarrek abantaila hartu duenean momentu txar batzuk izan dituen arren, Olaizolak berak baino hobeto bukatu du partida.
Partida galduta zuela ohartu denean, arriskatzea erabaki du Xalak eta dena atera zaio. Zabalera botatako gantxo horiek defendaezinak ziren zinez, eta ez dago inondik inora esaterik Aimarrek partida txarra egin duenik. Zabalera egindako sakeekin mina egin dio; ez zion astirik ematen errematera heltzeko. Kontuan izan behar da goizuetarrak bi huts baino ez dituela egin partida guztian, eta hori da finalak izan duen mailaren adibiderik garbiena. Benetan, ez nuen uste maila hori emateko gai izango zirenik.