GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Atenasko Gobernuak, greziarrak itotzeaz gain, elkartasuna suntsitzeko asmoa erakutsi du

Greziako Gobernuak hamaika greba eta mobilizaziori aurre egin behar izan dio azken bi urteotan, kapitalaren aginduz ezarri dituen neurri ekonomiko eta sozialek herritarren sumina eragin baitute. Agintariek langileei pasa diete krisiaren zorra, eta erantzuna ez da hala moduzkoa izan. Hala ere, hori guztia ez da nahikoa izan Yorgos Papandreuk zuzentzen duen exekutiboarentzat, eta greziarrak bakarrik ez, munduko biztanleriaren zati handi bat ere berarekin haserre egotea lortu du azken egunetan. Izan ere, palestinar herriarekin elkartasuna adierazteko xedea duen ontziteria, Kretako Kolinpary portuan mugitu ezinik dauka, ez atzera ez aurrera, bertan dauden lagunen eskubideak eta nazioarteko zuzenbideak ezartzen dituen arauak urratuz. Gazarako bidea hartu nahi dutenei bidea itxiz, Israelen morroi gisa agertu da Atenasko Gobernua, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Europar Batasunaren morroi den neurri berean.

Mundu osoko lagunek osatzen duten flota solidarioak Grezia atzean utzi eta Palestinarantz abiatzea lortuko du, baina Papandreuk eta bere taldeak ezin izango dute sekula gainetik kendu egun hauetan erakutsi duten jukutriaren itzala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo