Edorta jimenez Idazlea
Gernika ontziaren Sargazo Itsasoa
Kolymbari, Kreta. Gernika ontzia hemengo nasari estekaturik dago, edo datza. Legeen labirintorian harrapaturik, Sargazoen Itsasoan bezala. Inoiz iristen ez den itsasoratze haizuaren zain. Branka aldean kostazaina, txopan arrantzontzia, ateko bandan beste kostazain bat, ezinezko zaio itsasora zabaltzea. Goizeon, gainera, branka aldeko kostazainekok elektrindarra kendu digute. Ukan dugu hala eta ere nondik berriro hartu.
Pluralean eta ontzitik ari naiz, honez gero karel artean baikara hogeita hamarren bat ekintzaile, tartean adiskide mina, Mikel, eta Nafarroa Garaiko Legebiltzerreko kide Nekane Pérez. Ordenagailua Santiago Alba Rico gizon jakintsu bezain atsegina. Hemen dugun giroaren adibidetzat aipatzen du ordenagailuarena; izena, berriz, arabiar munduko gaiez jantziena den intelektuala gurekin dela esateko. Bestela Askotarikoak gara.
Bart iritsi ginen, arrapaladan. Greziako agintariek AEBetako ekintzaileen ontziari itsasoan altoa eman ziotela jakin bezain laster. Ordurako batzuk Gernika ontzia sekula santan ikusiko ez geunela pentsatzen hasita geunden. Bada, ez. Berton gara, baditugu argazkiaz. Txiripaz, egia esan, branka aldean dugun kostazaineko gizonek kamerak ere bahitu gura izan baitzizkiguten. Ez ei da legea beren ontzia erretratzea.
Ontzi barruko bizimoduren antolamentuan eman genituen bart gaueko lehenengo orduak. Gero afaria, afalostean batzarra eta gero batzarronkoa. Alegia, batzartxoak taldetxoka. Berandu hartu gintuen loak. Goizaldeko lauretan berriz esku leun batek astindu nau. Grizzli ni, udaberri koloreko begi bik laztandu naute. Gora, goardiako txanda. Willy Toledo aktore ezagunak eta biok egin dugu. Sortaldean zeruertza zauri gorri bilakatu den arte luzatu gara. Loak berriro hartu nauenean ametsetan hasi naiz. Ez dakit zegaz egin dudan amets. Zeozer gozoagaz. Iratzarri egin nauten arte. Argia kendu digute, esan didate. Esan moduan, erraz konpondu dugu ezbeharra. Mikel adiskideak kafea prestatu dit, maitasunez. Taldetxoa eginda lehorra irten gara batzuk. Elkarrekin lasai hizketan egoteko eta giroaz gozatzeko aroa dago. Gernika itsasontzia hor datza. Gure Sargazo Itsaso berri horretan. Sionisten aliatuek bahiturik. Hemen inork ez du uste bahiketa hori Ebaren oneritzia barik egin denik.