GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Batzen gaituen horri erreparatuta

Adinean tartea genuen; izatez, nire ama ere izan zitekeen; akaso, oso bestelako ikuspegiak genituen inguratzen gaituzten makina bat gauzez; ez genituen seguruenik liburu berdinak gustuko; edo, akaso, bai. Nork daki. Gertu sumatu nuen baina atzo, azken hatsa zein egoeratan hartu zuen jakin nuen bezain laster.

Zerura begira neraman goiza, «behingoz argituko al du» pentsatuz. Maila horretako arduretan murgilduta nenbilela entzun nuen albistea eta sortu zitzaidan korapiloa. «Beste bat» edo «bat». Gertaera bera loratzeko baliatzen diren datu pertsonalak zurrunbiloan iristen joan ziren. Haiek bereizten dituzte istorioak, ezberdin egin, bata bestearengandik urrundu, adinean, bizipenetan, ikuspegietan...

Datu horiek ez dute gertaeraren muina argitzen, osagarriak dira, baina zenbaitetan muina bera ezkutatzeko balio dute. Susmoa daukat albiste horiek lantzen dituztenak eta haiek hartzen dituztenak lasaitzea dutela helburu. Bereizi eta zeharkako mezuz esan: «Hari pasa zaio, hari». Helburu hori ez badute, zenbaitetan bilatu gabeko hori lortzen dute, tamalez. Bildu baino urrundu.

Hark jasotako labankadek eta gauean ilunpean autoa hartzera joan eta atzean inor sumatuta sentitutako larriak oinarrian dute antzekotasuna; baita pasa den astean kalean liskarrean zebilen bikoteari entzundako irainek ere. Ezberdinak dira amaierak; ilunpean atzean zetorrena bere autoan sartzen ikustean sentitutako lasaitasunarekin eta estutasunaren ondorengo irribarretxoarekin bukatu baitzen bat; heriotzarekin bestea; nork daki nola, hirugarrena.

Rosario Roman hernaniarraren heriotzak ia bat egin du denboran Nagore Laffage gaztearen heriotzaren urtemugarekin. Heldua bata, gaztea bestea; bikotekide ohiak hil du bat; parrandan gurutzatu eta ezezkoa jasotzeari uko egin zion gazteak bestea. Gertuago sentituko dute batzuk bata; besteek, bestea. Gertutasun urruntasun horretan galtzen dugu muinaren perspektiba; ohartu gabe arazoa ez dagoela haietan, erasotzaileak erasotzaile egiten dituen horretan baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo