GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Aker bekatariez eta beste

Tamalez -bai, tamalez- ez gara gure baitakoak, eta herri zapaldu bateko hizkuntza gutxiagotua den neurrian, herri gutxiagotu bateko hizkuntza zapaldua da euskara

Ez da nire asmoa goldea pasatutako lekuan berriro ere pasatzea. Baina Jon Juaristi Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatu izanak hautsak harrotu dituela eta, zer pentsatua eman dit Xabier Kintanak berripaper honetan idatzitako iritzi artikuluak.

Odola gertu luketenen farisaukeria salatzen zuen, Jon aker bekataritzat hartua zutelako edo. Bere iritziak iritzi ezkorrak direla zioen. Eta noski, ados nengoke berarekin, hemen abertzale izan beharrik ez baitago euskaraz mintzatzeko. Euskarak leukakeen etsairik handiena bere ideologizazioa bailitzateke. Iritzi eta uste handien pean katramilaturik egotea. Juaristiren hitzak, ordea, ez dira, nire xumean, iritzi ezkorrak. «Obviamente... hizkuntzek ez dute hiltzen, baina euskararen, Euskadi utopiko eta elebakarraren izenean hil egiten da» dioelarik iritzi ezkorra baino fede txarra dela esango bainuke.

Juaristiren bestaldera, adibide antitetiko gisa, Blas de Otero dugu. Hark kristauen lurralde honetan euskara «ingrato» hau ez zuela gehiago hitz egingo idatzi zuen. Oterok, berriz, mutilazio baten modura bizi izan zuen euskara ez jakitea. Bere amonaren ahotik entzuten zuen hizkuntza hura irakatsi ez izana zauri zitzaion. Horra, beraz, mintzo bereko ukazioaren eta mutilazioaren adibiderik muturrekoenak. Batek kontzienteki galtzera du uzten; besteak, ordea, pairatu egiten du jabetu ez izana. Desjabetua sentitzen da.

Hortaz, euskaraz bizi nahi dugunon eta euskaraz bizitzen uzten ez digutenen arteko gatazka linguistikoak gorroto subliminal bat ezkutatzen duela nabarmena da; iritzi ezkorretik harago iraingarria dena nire aburuz.

Hizkuntza bakoitzak bere kategoria kognitiboak dituela pentsatzen dutenetakoa naiz, eta, beraz, mundua hizkuntza horretan egituratzen dut, hizkuntza horrek egiten nau, eta, ondorioz, nortasun-iturri da niretzat. Zentzu horretan elebitasunaren mozorropean ezkutatzen den ebanjelio berriak talibanismo linguistikoa deritzo hizkuntza eskubideak aldezteari, euskararen biziraupena ziurtatua dagoela dio edota indarkeria desagertzean euskarak bat egingo duela askatasunarekin.

Artseniko aztarnek, bistan da, hor diraute, hitzen karga semantikoa desberdina delako era batera edo bestera erabiliz gero: «Gu demokratok», «intolerante horiek», eta antzekoekin gertatzen den bezala. Hitzak ondoezak jota baitaude gurean lako herri batean. Tamalez -bai, tamalez- ez gara geure baitakoak, eta herri zapaldu bateko hizkuntza gutxiagotua den neurrian, herri gutxiagotu bateko hizkuntza zapaldua da euskara. Baina norberaren jarrera kontzienteak -jalgi hadi plazara- egin liezaioke lekua hizkuntzari, hizkuntza hori leku eske ari delako. Autoestimu kontua da, sentipen edo borondate kontua. Eta logikak diost nire autoestimua kolpatzen duen batengandik ezer gutxi espero dezakedala.

Nazareteko bizardunari ez diot arrazoia kenduko, baina nik garbi dut euskara desagertzen bada, ez dela izango berezko heriotza, nahita eragindakoa baizik. Gero ez dezagula esan Koldo Izagirrek abisatu ez zuenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo