GARA > Idatzia > Kultura

ERREPORTAJEA

Gure bazterrak munduaren begietara

Hitzaldiz, bisita gidatuz eta askotariko jarduerez lepo dator Euskal Kostaldeko Geoparkea promozionatzeko antolatu berri duten astea. Ekainaren 28an eman zitzaion hasiera ekimenari eta ekintzek larunbatera bitartean iraungo dute. Ekimenaren helburua, gure kostaldeko ondare geologiko, natural eta kulturala herritarrei gerturatzea da.

p042_f01_209x113.jpg

Aimar ETXEBERRIA | ZUMAIA

Euskal Kostaldeko Geoparkearen proiektuaren baitan, aurten lehen aldiz zonaldearen inguruko astea antolatu berri dute. Ekimenean hainbat jarduera proposatzen dituzte, hala nola, hitzaldiak, bisita gidatuak, ateak irekita egindako ekitaldiak... Ekimenaren helburu nagusia gure bazterretan aurkitu dezakegun ondare geologikoa herriari gerturatzea da eta ditugun txokoez harro sentitzeko aukera paregabea ematen du. Ekainaren 28an hasi zen astea eta uztailaren 9an amaituko da.

2009. urtean sortu zen Geogarapen Elkartea, Euskal Kostaldeko Geoparkea kudeatzeko. Elkartea sortzea Europako Geoparkeen Sareak jarritako baldintza bat izan zen. Geogarapen Elkartea, Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalek osatzen zuten hasiera batean eta denborarekin borobiltzen joan da. Gaur egun, hiru udalez gain, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak, Aranzadik... ere osatzen dute.

Euskal Kostaldeko Geoparkearen proiektua 2002. urtean hasi zen sortzen, Zumaia, Deba eta Mutriku arteko Flyscharen Ibilbidearekin lotuta. Hasierako egitasmoa, hitzarmen bilakatu zen 2009. urtean. Hiru udalek flyscharekin lotutako proiektu turistiko bat sortu nahi zuten eta horren inguruko promozio eta lanketa komunikatibo guztia elkarrekin egitea hitzartu zuten. Geogarapen Sareko teknikaria den Ainhoa Lazkanoren hitzetan, «esperientzia oso positiboa izan zen eta horren adibide nagusia iaz Eusko Jaurlaritzaren eskutik Turismo Saria irabazi genuela da».

Esperientzia ikusita, aurrera begirako pausuak zein izango ziren aztertzeari ekin zioten. Lanketa sakon baten ondorioz, geoparkearen eredua oso egokia zela ondorioztatu zuten. Eredu horren bitartez, lurraldea «dinamizatzea» eta «garatzea» posible zela ikusi zuten.

Geoparkeak ondare geologiko bitxi edo bereziak dituzten lurraldeak dira, eta, horretan oinarrituta, lurraldea biziberritzeko edota garatzeko estrategia bezala funtzionatzen dute.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak ekainaren 28an aurkeztu zuen bere plan estrategiko berria. Planak lau puntu nagusi izango ditu: turismoa, ingurumena, zientzia eta kultura.

Geoparkeak tokiko kulturan eta ondarean «ondo sustraituta» daudela esan du Lazkanok, eta, hori kontuan hartuta, turismo alorrean sakontzeko nahiarekin, euren zonalderako egokienak ikusten dituzten proiektuen bila dabiltza.

Hasiera batean, Flyscharen Ibilbideari heltzea erabaki zuten elkartekoek, baina hasiera hartatik jakitun ziren zonalde horretan bazirela beste hainbat formazio geologiko berezi euren begirunea merezi zutenak, batez Izarraitz inguruko eremu karstikoa. Hori kontuan hartuta, barnealdeko formazio geologiko horien espazioan ere lanketa berezi bat egitekotan dira, horiekin ere «lan polita» egin dezaketela uste baitute.

Buru-belarri sartuta dauden astearen inguruan galdetuta, Europako Geoparkeen Sareak derrigortutako ekimen bat dela esan digu Lazkanok. Izan ere, geoparke bat duen zonalde bakoitzak bere baliabide eta indarren araberako astea antolatu beharra duela azaldu digu.

«Gureak nahiko egitarau konpletoa duela iruditzen zait, kontuan hartu behar baita lehenengo aldia dela horrelako ekimen bat antolatzen duguna», aipatu digu teknikariak. Aurrez esan bezala, Lazkanoren esanetan helburu nagusiena «gure ondare geologikoa eta geoparkearen proiektua herritarrei gerturatzea da». Bertako herritarrek «flysch» hitza gero eta gehiago entzuten dutela aipatu du Lazkanok, eta hitz abstraktua izateari utzi eta zerbait ezaguna eta ondo definitua izatera pasa dadila nahi du berak.

Orain artean egin dituzten ekintzekin «gustura» agertu da Lazkano. Aurkezpen ekitaldian eta egin diren hitzaldietan jendearen erantzun ona jaso dutela esan digu, eta aurrera begirako ekintzek ere bide beretik jarraituko dutela uste du.

Bisita gidatuen programa berria

Apiriletik aurrera bisita gidatuen programa berri bati ekin diote. Programa berria martxan jarri aurretik, kostaldea ezagutzeko bisitetan zentratzen ziren, baina asmo berria aurrera eramaten ari direnetik eskaintza zabaldu eta barnealdeko bisitak eta bisita kulturalak ere ari dira eskaintzen. Barnealdeko bisitetan, pisu handia hartzen du gure herriko mitologiak, tartean kondaira eta elezaharrak ere aztertzen dituztelarik.

Aurrera begira indartu nahi duten baina jada martxan dagoen beste proiektuetako bat Geoparkezaleak Sarearena da. Parkeak hartzen dituen hiru herrietan bizitzeaz harro dauden pertsonekin osatu nahi dute sarea eta pertsona hauek bi taldetan banatuko dituzte: alde batetik, turismo alorrean dabiltzan profesionalak, eta, bestetik, herritar soilak.

«Enbaxada handi bat» sortzea da euren helburua, gaur egunean dituzten jakintzak ondorengo belaunaldiei transmititzeko konpromisoarekin.

Uda honetan, urrutira joan gabe, inguruan ditugun txoko ederrak bisitatzeko gonbidapena luzatu nahi dute. Hala, altxor horiek ezagutu eta ikusteko antolatu dituzten bisitetan parte hartzeko deialdia egin dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo