GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Sufrimendua eta plazerra

Herenegun zientzien alorrean sakondu nuen eta «letretakoak» kexu agertu zaizkidanez, gaur giza zientzien munduan murgildu beharrean nahiz. Tourra bezalako lasterketa luze batean, partaideok sentimendu asko eta oso ezberdinak bizitzen ditugu. Urte guztiko lana hiru astetan jokatzen da, presio handia izaten da alde guztietatik eta gorputza bere gaitasunen mugetaraino behartzen da eguna joan eta eguna etorri. Baldintza eta ingurune oso aldakorretan (mugako eguraldi baldintzetatik hasi eta ibilbide eta distantzia ezberdinetako etapetaraino, esaterako, lauak eta azkarrak edota menditsu eta gogorrak). Hala ere, denboraldi guztia garai honen zain egon gara gutariko gehienok, eta, hortaz, sufritzearekin batera disfrutatu ere egiten dugu.

Sarri pentsatu izan dut masokista xamarrak garela! Zenbat eta paliza handiagoak jaso, orduan eta pozago... Gorputza zailduta; azala eguzkiak eta haizeak belztuta; giharren gainean egon ohi den koipe geruzatxoa erabat kontsumituta; masail hezurrak bistaratuta; hanketako zainek eztanda egin behar dutela ematen duenean; amak edo amonak ea gaixorik ote gauden galdetzen digunean... orduantxe pozik! Horrexek adierazten du sasoi betean gaudela eta urteko helburuari aurre egiteko prest garela!

Lasterketan, hanketako mina jasanezina denean, arnasa birikak behar duten oxigeno kopurua lortzera iritsi ezinean dabilenean, 40 gradutan maldan gora joan arren hotzikarak sentitzen ditugunean... gure garunak errefortzu positiboak jasotzen ditu askotan. Egoera horiek, jarritako helburua lortzearekin edo egoera horiek gainditutakoan izango dugun ongizatearekin lotu ohi ditugu txirrindulariok, eta horrek eragiten du garunera seinale positiboak helaraztea. Ia-ia ulergaitza da, sufrimendua eta plazerra, horren kontzeptu aldendu eta kontrajarriak, nola izan daitezkeen hain gertuko eta osagarri!

Psikologia gai korapilatsua da inondik ere, eta ez dut ezagutzen formularik hemen sortutako ekuazioak ebazteko (aurrekoan fisikako legeekin egin nuen erara), baina, aldi berean, oso interesgarria delakoan nago eta alor honetan oraindik bide asko egiteko dagoela uste dut. Adibidez: aurrerago azaldu dudan esfortzu eta sufrimendu egoera horietan, garunak jasotzen dituen seinaleak ez dira beti berdinak izaten, batzuetan positiboak direnak negatibo bilaka daitezke eta alderantziz. Esaterako, erlojuaren aurka lehian ondo moldatzen den eta sufrimendu horri etekina aterako diola uste duen txirrindulariak, errefortzu positiboak jasoko ditu bere ahaleginean dirauen artean; igotzailea den eta emaitza kaxkarra lortuko duela uste duen batek, aldiz, negatiboak. Errepidea maldan gora jartzen denean, ordea, egoera irauli egingo da normalean.

Tayler Farrar-ek ze sufrimendu eta ze kalbario pasa izango zituen bere lagun min zen Weilandt Giroan zendu zenetik... Baina gaur eskaini dio merezi zuen omenaldia! Gaurko garaileak bai izango zuela sentimedu festa bere barnean! Gainerakook, ordea, dezente sufritu dugu haizea, tentsioa, eta erorketak saihesteko arreta mantentzen, eta azken kilometroetan tropela banakako lerroan jartzen denean aurrekoaren gurpilari eusteko ahalegin betean.

Hala ere, hori guztia landu egin daiteke, eta, hortaz, lan handia dago egiteko kirol psikologiaren alorrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo