GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

Goiherrik irabazi du bigarren jardunaldia, eta 600 kiloko txapela azken saioan erabakiko da

Jon LEUNDA

600 kiloko Euskal Herriko Txapelketa pil-pilean jarri da, bigarren jardunaldia Goiherrik irabazi ostean. Jardunaldi bat besterik ez da geratzen lehiaketa bukatzeko, eta bi talde bizkaitarrak berdinduta daude sailkapeneko lehen postuan. Horrenbestez, dena azkeneko ekinaldian erabakiko da.

Lehen saioa Gaztedik irabazi zuen, eta horrek presioa sartu zion Goiherriri. Izan ere, orain arteko pisuetan egin bezala hemen ere txapela jantzi nahi baldin bazuten, irabaztera derrigortuta zeuden Erandiokoak, bestela ia aukerarik gabe garatuko baitziren.

Erandiokoek ez zuten hutsik egin, eta saioko tiraldi guztiak irabazi egin zituzten; horrek, noski, eguneko lehen postua eman zien. Gaztedik ere borrokan jarraitu nahi duela erakutsi zuen; hori bai, berdeekin galdu ostean, bigarren postua eskuratu zuen. Mutrikuk ere irabazi egin beharra zeukan txapelaren lehian jarraitu ahal izateko, baina gipuzkoarrek hirugarren postuan amaitu zuten, eta garaipena eskuratzeko ia aukerarik gabe geratu dira. Dirudienez, hirugarren postua lortuko dute azkenean.

Lehen posturako borroka handia baldin badago, laugarrenerako ere hala dago. Herenegun, Getxok aurreko hirurekin galdu egin zuen, baina Goiherri B eta Gaztedi mistoa mendean hartu zituen. Erandioko bigarren taldeak, berriz, Gaztedi mistoa bakarrik hartu ahal izan zuen mendean.

Horiek horrela, laugarren postuan berdinduta geratu dira Getxo eta Goiherri B. Gaztedi mistoak, bere aldetik, tiraldi guztiak galdu zituen, eta, hortaz, azken postuan jarraitzen du.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo