GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ziordiko alkatearen dimisioa eskatu dute Bilduko hautetsiek

Ziordiko alkate Jesus Mari Arreseren dimisioa eskatu dute Sakanako Bilduko hautetsiek, ekainaren 24an herriko jaietan Bilduko zinegotzi Teodoro Perkaz erasotzeagatik. Bilduko hautetsien ustez, festetan gertatutakoak ez du inolako justifikaziorik eta ezin da onartu horrelako jarrera izan duen pertsona batek Ziordiko Udala zuzentzen jarraitzea.

Martxelo DIAZ | ZIORDIA

Joan den ekainaren 24an Ziordiko Bilduko zinegotzi Teodoro Perkazek herriko alkate Jesus Mari Arreseren eskutik jasotako erasoa salatu zuten atzo Sakanako Bilduko hautetsiek. Honekin batera, Ziordiko alkatearen dimisioa ere eskatu zuten.

Ziordiko Udalean egindako agerraldian, Altsasuko alkate Garazi Urrestarazuk, Ziordiko zinegotzi Loli Ruzek eta Olaztiko Patricia Hernandezek nabarmendu zutenez, «gertatutakoak ez du inolako justifikaziorik eta ezin da inondik inora onartu, are gehiago herriko alkatea den heinean». Horiek horrela, ezohiko udalbatza egitea eskatu zuten gaia aztertzeko.

«Ez dugu inolako konfrontazio politikorik zabaldu nahi egoera honengatik, pertsona bakar batekin harremana duen kasu puntuala delako. Pertsona horrek jarrera bortitza erakutsi du eta egoera horri irtenbidea eman behar zaio», gaineratu zuten.

Horrekin batera, Ziordian hauteskundeak NaBaik irabazi zituela eta ondorioz berari dagokiola Sakanako herriko Udala zuzentzea adierazi zuten Bilduko hautetsiek. Horregatik, Ziordiko alkate izateko beste pertsona bat izendatzeko eskatu zioten NaBairi. «Bide hori errazteko prest gaude», esan zuten.

«Gertakari horren ondoren, beharrezkoa izango da esfortzuak batu eta Ziordian sortu diren tentsioak gainditzeko indarrak batzea. Udal korporazio osoak eta herri osoak elkarrekin lan egin behar dute herriaren interesen alde, eta gu horretarako prest gaude», erantsi zuten Bilduko hautetsiek.

«Ziordiko NaBaiko gainontzeko zinegotziei eta koalizioko zuzendaritzari Arrese jaunak bere ardurak onartzen ez baditu beharrezko neurriak har ditzatela eskatzen diegu, baita egoerak eskatzen duen tokian egon daitezela ere egoerari aurre egiteko egin beharrekoa eginez. Ezin dugu onartu gertatutakoak udal funtzionamendu normala ekiditea. Izan ere, horrela gertatuz gero, Ziordiko herritar guztiak izango lirateke kaltetuak», esan zuten.

Ekainak 24ko gauean izandako erasoan kolpe ugari jaso zituen Teodoro Perkaz Bilduko zinegotziak. Gaur, ia bi aste pasa ostean, ubeldura sakona du oraindik ere bizkarrean. Hortz bat ere apurtuta du. Gertatutakoa ekiditen saiatu zen Ziordiko biztanle bat ere, J.A.G. izenekoa, kolpatua izan zen. Erasoaren aurretik, udal batzarra izan zuten Ziordian, eta, zinegotzien arteko desadostasunak izan ziren arren, giroa guztiz normala zen herrian.

konponbidea

Bere xedea herriko giroa lasaitzea eta ez etekin politikoa lortzea dela esan du Bilduk. Hala, NaBairi alkate izateko beste pertsona bat izendatzeko eskatu dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo