«Giroa biziki ona izan da; festibal honek badu xarma berezia»
EHZ elkarteko lehendakaria
Heletako plazan Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren desmuntatze lanetan bete-betean murgilduta topatu dugu Elixabet Aizager (Donapaleu, 1984). Mugimendu horren erdian, GARArekin izateko tarte bat hartu du festibala antolatzen duen taldeko arduradunak amaitu berri den festibalaren balantzea egiteko.
Koldo OTAMENDI | HELETA
Joan den asteburuan ospatutako Euskal Herria Zuzenean festibala arrakastatsua izan da oso. Orotara 20.00o pertsona bildu dira, iaz baino 4.000 gehiago.
Lehenik eta behin, zer moduz zaudete laguntzaile guztiak festibala bukatu berri delarik ?
Arras pozik, gehienak biziki unatuak garen arren. Atzo (igandeagatik) 00.00etan bukatu ziren kontzertuak, eta berehala desmuntatze lanetan hasi ginen, 04.00ak arte. Gaur lanean darraigu, astebeteko lana izanen baitugu Heleta atzeman bezala itzultzeko.
Lan betean egon arren, lehen balorazioa egiteko garaia da. Gustura emaitzarekin ?
Bai, biziki pozik gaude. Orotara, 20.000 ikusle hurbildu dira hiru egunetan zehar. Iaz baino 4.000 ikusle gehiago dira. Iazkoa gainditzea zen helburua, eta bete dugu. Egunez egun, jendearen presentzia orekatua izan da. Ostiralean 7.000 jende izan ziren, larunbatean 6.500 eta igandean beste 6.500.
Giroari dagokionez ere, oso ona izan dela esango genuke.
Biziki ona. Hainbeste jende etorririk ere, ez da inolako arazo edo istilurik izan. Babes zibileko langileek onartu digute enoatu direla! Festibal honek badu xarma berezia. Laguntzaileak, antolatzaileak, publikoa... ohitura hartzen ari dira formula honetaz, eta giro ederra sortu da. Jende anitz hurbildu zaigu erranez ederki pasa duela eta eskerrak emanez.
Musikari dagokionez, argi geratu da tendentzia berriek indarra hartu dutela. Programazioan erabat asmatu duzue.
Programazioa xehe-xehe aztertzeko agian ez naiz konpetenteena, baina mila esker laudorioengatik! Egia da beti entseatzen garela aniztasuna eta gaurkotasuna ekartzen gure musika programazioan. Gure oinarria beti izan da ska-rock-reggaea. Azken urteetan, musika elektronikoa indarrez sartzen ari gara, Europa ekialdeko doinuekin batera. Talde famatuak genituen afixan, eta denek erantzun dute: IAM, Chinese Man, Goran Bregovic edo Morcheeba bera giro lasaiagoan. Baina, beti entseatzen gara sorpresak eskaintzen jendeari. Arlo horretan, jendeak anitz preziatu ditu Nasser, Goose, ZEP edo Jim Jones Revue taldeak. Jendea loriatu dute. Azkenik, euskal taldeek ere izan dute leku garrantzitsua: Ken Zazpik agertoki handia betetzea lortu du, 20.00etan jo arren. Betagarriren kontzertua ere igandeko politenetakoa izan da.
Agertoki nagusia eta Urbeltzeta karparen artean desoreka handia dagoelakoan gaude. Agian, karpan egiten diren emanaldiek ez dute erakartzen eta musika proposamen interesgarriak bigarren plano batean geratzen dira.
Ez da batere lan erreza programazioa orekatzea. Baina, ez naiz hain ados diozunarekin. Pertsonalki uste dut jendeak gehien gozatzen dituen kontzertuak eszena txikian direla. Taldeak ez dira hain famatuak, eta agian jende gutxiago biltzen da, baina karpa estalia izanik 300-400 ikuslerekin giro ederra sortzen da. Iaz, adibidez, La Pegatina taldeak giro latza sortu zuen, eta aurten ere Xutik-en kontzertuak arrakasta ederra bildu du. Beti hobetzekoa badago, baina uste dut pixkanaka jendea ulertzen ari dela bi agertokien artean den eskaintza desberdina: talde famatu edo handiak Gibelherrin, eta aurkikuntza ederrak Urbeltzetan.
Aurore Martinen edo presoen aldeko sostengu mezuek ere presentzia handia izan dute aurtengo festibalean.
Festibalaren helburua manera ludikoan jendeari Euskal Herriaren erakusleiho bat aurkeztea da. Aurten, euskararen aldarrikapenak presentzia izan du gure afixa, pankarta eta mezuetan. Brigada berdeen lana ere sekulakoa da, birziklatzea bultzatuz eta komun idorrekin. Gatazka politikoaren inguruan, naturalki babestu dugu Aurore. Hamar urtez gure laguntzailea izan da, administrazio kontseiluko kide ere izan da. Gure laguna da Aurore, eta pozik hartu dugu Heletan. Presoei dagokionez, gure sostengua ere naturala da. 22 preso politiko gure laguntzaile izandakoak dira, eta haiek gogoan izan ditugu. Preso guztiak askatzea aldarrikatzen dugu, euroaginguaren aurkako plataforman sartuta gauden bezala. Gure engaiamenduak gure egiten ditugu, eta bihar Mattin eta Peio gure laguntzaileen epaiketara joanen gara, EHZren sostengua erakustera.
Oraindik goiz den arren, hurrengo urterako zein erronka ?
Lehenik balantze ekonomikoa egin behar dugu. Iazko edizioak egoera larrian utzi gintuen, ekaitzarengatik. Aurten arrakasta bildu dugu. Jendea Heletara ohitu da dagoeneko. Festibala egonkortu nahi dugu, eta ikusiko da ekonomikoki zein aukera utziko dizkigun aurtengo balantzeak.