GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntza gutxituentzat lege geriza eskatzeko «Deiadar» berria eginen da martxoan

Euskarak eta hizkuntza gutxituek egiten duten aitzinamendu oro herri mugimenduari esker ematen dela konbentzituta, udaberrira arteko kanpaina luzea abiatu dute Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileek. «Egiazko lege geriza» aldarrikatzea da helburu behinena.

p015_f01.jpg

GARA | BAIONA

Ez da lehen aldia «Deiadar» izenburupean Ipar Euskal Herrian euskararen alde diharduten eragileek mobilizatzera deitzen dutena. Berrikitan, Baionan, 2012ko martxoaren 31rako manifestazioa antolatzen hasiak direla iragarri dute. Ordura arte geratzen den denbora tarte luzea kanpaina sendoa egiteko baliatuko dute, kaleko presioa areagotuz, Baionako elkarretaratzea ahalik eta jendetsuena izan dadin.

Manifestazioa eguneroko zurrunbilo politikotik kanpo gelditzea nahi dute antolatzaileek, batez ere lege proposamenena alferrikako eztabaidetatik at gera dadin. Izan ere, azken lau urteotan hizkuntza gutxituekin zerikusia duten galdera edo proposamenak 43 aldiz heldu dira Senatu frantsesera eta 194 bider Asanblea Nazionalera. Azken bi urteotan, berriz, lau lege proposamen egin dira. Alta, ez da deus aitzinatu behar-beharrezkotzat jotako ganorazko lege baten lanketan.

Azkeneko adibidea Senatuan gertatu zen joan den ostegunean bertan. PSko senatari Robert Navarrok aurkeztutako proposamena aztertu zuten, baina, «denbora faltagatik», eztabaida erdizka geratu zen, eta, azkenean, bozketa ere ez zen egin. Euskalgintzako eragileentzat, «milioika herritar» hunkitzen dituen hizkuntza gutxituei buruzko debatea «arinkeriaz» tratatu zuten. «Antzerki hutsa» izan zela ere salatu zuten.

Herri mugimendua

Hala eta guztiz ere, zerbait baikorra aipatzekotan, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak aipatu zuen Luc Chatel Hezkuntza ministroak murgiltze sistemaren defentsa egin zuela. «Halako baieztapenik entzutea pentsaezina zen duela lauzpabost urte».

Dena dela, konbentziturik daude egiten diren aitzinamendu guztiak «herri mugimenduari esker» egiten direla eta bide horretan segitzeko engaiamendua azaldu zuten, zeregin horretan herritarrak lagun izatea espero dutela nabarmenduta.

Martxoa bitartean ekimen ugari egingo dituzte manifestazioa astintze aldera. Kanpaina ez da horretan amaituko, ordea. Segidan presidentziarako bozak izango direnez, alderdi politikoei begira lan ildoa irekiko dute, lege egitasmoaren eskaera beren programetan sar dezaten.

ESTATU OSOAN

Ipar Euskal Herrian ez ezik, Korsikan, Alsazian, Okzitanian, Katalunian eta Bretainian ere hizkuntza gutxituentzako «benetako lege geriza» eskatzeko manifestazioak antolatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo