GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

P. Meabe, P. Etxebeste, A. Garcia eta R. Balenziaga Etikarte

Politika herriaren zerbitzuan

Denon esku egongo da, behin herritarrei eskubide politiko guztiak bermatu ondoren -kontuan izan orain arte ez dela posible izan-, Euskal Herri honen baketze eta normalizazio osora heltzeko beharrezkoak diren urratsak lehenbailehen egitea

Bat. Iritzi publikoari egindako inkestei kasu egiten bazaie, politika ez da, une honetan, herritarren arreta edo interes berezia pizten duen jarduera edo eginkizun publikoa. Eta, herritarren artean, gazteak ez dira salbuespena. Politikarienganako nolabaiteko mespretxua antzeman daiteke hurrengo hau bezalako adierazpenetan: «Kontuak kontu, denak berdinak dira». Hau da, axola ez balu bezala agintean bat edo bestea egon. Eta, hala ere, ez dirudi gizartea haiei uko egiteko moduan dagoenik. Alferrikakoak baina beharrezkoak? Nola jaten da hori? Kontraesan nabarmena da, logikak inola ere ametitzen ez duena,

Gure lurralde historikoetako batzar nagusietan, aldundietan eta udaletan kargu publikoak hartuko dituzten pertsonak aukeratzeko egin berri diren hauteskundeek, Gipuzkoan bereziki, erakutsi dute jendeari axola zaiola, eta ez gutxi, kudeaketa publikoa noren esku utzi. Ez bakarrik hauteskundeetako parte-hartze handiagoa edo txikiagoa baloratzean; baita lortutako emaitzen arabera, ardura publiko edo «politikoak» izango dituzten pertsona zehatzak aukeratzeko ondorengo prozesuan ere.

Argi geratu da, beraz, hainbat aldiz gutxiesten eta iraintzen den «politika» hori askoz garrantzitsuagoa dela gizartearentzat hauteskunde sasoia ez denean egindako zenbait inkestatan ager daitekeen axolagabekeria baino. Ez da hau bazterrera uzteko moduko gertakaria; aldiz, gogoeta sakona egitea eskatzen digu. Elkarbizitza demokratikoan konfiantza dugunontzat bai, behinik behin. Demokrazia horrek eskatzen du aginte politikoa, izatez erkidego osoarena izanik ere, gauzatu behar duten pertsona eta erakundeen esku uzten dela, askatasunez, erabakita dauden erritmoen arabera.

Bi. Lehenik eta behin, argitu behar da praktika politikoak bere hasierako eta benetako izaerari eutsi behar diola. Edozein direla ere hura gauzatzen dutenak. Beste modu batera esanda, politikak bere izaera propioaren adierazpide izan behar du. Agian ez da beti hori aintzat hartu izan eta, hortaz, bere azalpentxoa eskatzen du. Beste ezeren aurretik, gaizki-ulertu bat ekidin behar da. Izan ere, herriaren aginpidea «alderdien» ordezkaritzaren bitartez gauzatzen dutenei transmititzen zaienez, pentsa liteke alderdien kontua dela hura egikaritzea. Baina alderdiak ez dira gizartearen «parte» bat baizik. Legez gauza daitekeen aginpide politikoa ez dator hautatu horiek proposatu zituzten pertsonetatik. Politikariari dagokion aginpidea erkidego politiko osotik datorkion aginpidea da eta kontzeptu horretan egikaritu behar du.

Oso printzipio oinarrizkoa da adierazitako hau, eta horrexegatik, hain zuzen, guztiz funtsezkoa. Funtzio politikoaren aginpidea herri osoari dagokion aginpidea da, zinez, eta arrazoi horregatik, herri osoaren zerbitzuan egon behar du, oso-osorik transmititzen baitzaio boterea egikaritu behar duenari. Oker handia litzateke, egia demokratikoa ulertzeko ondorio negargarriak ekarriko lituzkeena, uste izatea hauteskundeak irabazi dituen edo dituzten alderdien pribilegioa dela botere osoa beren onerako erabiltzea, gauzatzen dutenak beraiek izanda ere, herri osoari dagokion agintea baita hura. Segur aski, hauteskundeen bitartez lortutako aginpidearen benetako helburua zein izan behar duen ez ezagutzea dago politikariak, «herriaren» ona bilatu ordez, «beren interesez eta kontuez» arduratzen direla uste duen iritzi publiko horren sustraian, bere izate demokratikoaren kariaz herria zerbitzatzea eta haren ona bilatzea badagokie ere. Politikak herritarren premiak, nahiak eta helburuak islatu behar ditu; are gehiago zenbat eta larriagoak izan. Egia da herritarren premia horiek, gauzatzen diren unean, ezinbestean, beren partzialtasuna edo partikulartasuna izango dutela. Baina, halaxe izanda ere, praxi politiko egoki baten hierarkiak argi utzi beharko du herriaren ona dela nagusitzen dena arazoen konponbideei ematen zaien lehentasunean, arazo horiek ez baitira ez politikarienak, ez haiek ordezkatzen dituzten alderdienak, baizik eta gizarte edo erkidego politiko osoarenak.

Oinarrizko ikuspegi politiko horretatik, esan behar da justizia eta zuzentasuna ez daudela agintean dauden «ahaltsuek» esan edo egiten dutenaren mende; baizik eta herritar guztien oinarrizko eskubideak aitortzetik eratortzen den justiziak erabaki behar duela politikarien jokabidea zuzena den ala ez, zerbitzatu behar duten herriaren aginduz aginpidea egikaritzen dutenean.

Hiru. Ez da alferrikakoa baieztatzea, gogoeta oinarrizko honetan, gizabanakoen eta gizarte kolektiboen iritzi publikoak lagundu behar lukeela gizartearen premia larrienak zehazten, aginpide publikoak esku har dezan eta, hala, herria osatzen duten herritarren mesedetan neurriak har ditzaten, herri horren zerbitzuan egon behar baitute. Ekonomiaren eta eskubide ekonomiko-sozialen esparruan, eskubide zibiko-politikoen aitortza eraginkorrean, baita kulturaren eremuan ere, adierazpen kolektiboez haratago, pertsonei gizartean bizitzen lagun diezaien, norberaren existentziari emandako zentzua osatzen duten oinarrizko aukeretatik abiatuta. Eta hori guztia benetako bake giroan, lorpen politikoetara heltzeko berme gisa mota guztietako indarkeria politikoak, benetakoak edo potentzialak, baztertu ondoren; lorpen politikoak zilegi izan arren, ezin baitezakete bortxakeria politikoa justifikatu.

Denon esku egongo da, behin herritarrei eskubide politiko guztiak bermatu ondoren -kontuan izan orain arte ez dela posible izan-, Euskal Herri honen baketze eta normalizazio osora heltzeko beharrezkoak diren urratsak lehenbailehen egitea, urte asko baitira, irrika biziz, horren atzetik gabiltzala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo