KATE MOTZEAN: NAROA ITURRI
«Hurrengo egunean zer etorriko zaizun ez jakitea dira benetako oporrak»
Maider EIZMENDI | Iñigo URIZ | ARGAZKI PRESS
Hamaika Telebistako aurkezleak uda berezia biziko du aurten, abuztuan erdituko baita. Horrek asko aldatuko dizkio udako ohitura eta planak. Itzaletan baino eguzkitan egotea nahiago du, baina etengabeko bainutxoak hartu eta paseotxoak eginez.
Udak iradokitzen dizun hitza edo adjektiboa?
Beroa, kale giroa, hego haizea, argitasuna, eguzkia...
Eta usaina?
Garagardoa, kresala, txoznak, eguzkitako krema...
Udako egunak ala gauak nahiago? Eta zertarako?
Egunak eta gauak, uda ezin izan bata bestea gabe. Ordu luzeko egun amaiezinak itzelak dira eta gauak motz baino intentsoak, leihoa irekita lo egiten duzun horietarikoak....lo eginez gero, noski!
Hondartzan, eguzkitan ala itzaletan ahal bada?
Nahiago eguzkitan, baina etengabe freskatzen, bainutxo bat, paseotxo bat...
MP3a edo irratia?
Hondartzan biak, albistegi entzule amorratua naiz eta musika oso gustuko dut. Mendian, lagunekin hizketan joatea, arnasketak igotzen eta hitz egiten uzten badit, noski, kar kar!
Egunkaria ala liburua?
Ezin bat hartu eta bestea utzi. Egunkaria eguneroko bizioa eta liburua bizi guztikoa.
Bainua hartzeko, itsaso bare-barea edo aztoratuxeagoa?
Nahiago barea, itsaso zakarrak errespetua ematen dit, baineratxoa nahiago.
Hamaika ikusteko gaude... Zeri edo nori esango zenioke?
Uf, jende askori esango nioke, onerako eta txarrerako eta zeri... gure Euskal Herriari.
Oporretan erabat deskonektatuta edo herrian zer gertatzen den zeharka begira egotea gustatzen zaizu?
Internet dagoenetik, gustuko dut informazio jasotzea, baita postaz txutxu-mutxuak ere! Hala ere, deskonexioa ederra izaten da.
Mugikorra beti ondoan duzula edo noizean behin piztuz?
Mugikorra beti gainean baina erditan bateriarik gabe, galduta, itzalita... eramaten dut. Lagunek gorroto dute nirekin urgentziaz hitz egitea, ez bainaute inoiz harrapatzen.
Inora oporretan joaten zarenean, guztia ondo lotuta eramatea gustatzen zaizu edo inprobisazioz mugitzen zara gehiago?
Normalean, garraioa hartuta, abioia, autobusa, kotxea... eta beste guztia, ver venir! Horiek dira benetako oporrak, hurrengo egunean zer etorriko zaizun ez jakitea.
Maleta handiarekin ala txikiarekin?
Txikiarekin, ahal bada, hilabeteko bidaia luzeetarako, 10 kilo inoiz pasa gabe.
Argazki-makinekin dena gordetzen duena ala memoriaz fidatzen dena zara?
Memoria oso onekoa ez naiz, argazki-makina beharrezkoa da, baina badira argazki-makinak gorde ezin dituen usain, ukimen eta zoriontasun segundotxo ugari, horiek memoriaren artxibo historikora doaz zuzenean.
Egin duzun oporraldirik bereziena?
Latinoamerikara egin ditudan bidaia guztiak, Venezuelara eta Salvadorrera egin ditudan bidaiak bereziki. Munduan bestaldean familia duzula sentitzea ez da makala!
Egiteko duzun ametsetako oporraldia?
Venezuelakoa errepikatuko nuke berriz ere. Baina baditut ezagutu nahi ditudan munduko beste ehunka txoko.
Udan huts egiten ez duzun urteroko zita?
Uda hasierarekin bat, ekainak 23an Hernaniko plazan San Joan sua ikustea eta, noski, gero parranda latza!
Uda perfektu hura gogorarazten dizun kantua?
Edozein erritmo latino dantzagarri, ballenato, merenge, saltsa... eta aparte Silvio Rodriguez, Victor Jara, Polo Montañez, Dame pa Matala...
Irakurri eta erabat harrapatu zintuen liburua?
Ezin bat aukeratu, ehunka baitira. Oraintxe Toti Martinez de Lezearen «Veneno para la corona» irakurtzen ari naiz, gustura gainera!
Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?
Haize fresko eta arina.