GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Jazarpenari aurre egin presoen kaleratzea azkartuz

Euskal preso politikoen senide eta lagunek atzo Iruñean eman zuten prentsaurrekoan, amaierarik ez izateaz gain zoritxarrez areagotzen ari den jazarpenaren adibide berriak eman zituzten ezagutzera. Beren senideak bisitatzeko izan dituzten oztopoak, dispertsioaren eraginez bidaia luzeak egin behar dituzten gidariei Guardia Zibilak ezartzen dien presioa ala etengabekoak diren auto istripuak aipatu zituzten, besteak beste. Eta bidenabar, euskal jendeari dei egin zioten mendekua eta doako mina eragitea beste helbururik ez duen estatu jokabide honi aurre egiteko, plaza publikora jalgi eta, denon artean, presoen egoerari soluzio definitiboak ematea atzeraezinezko auzia bilaka dadin.

Jazarpenak hezurmamitzeko aukeratutako modutik harago, presoen eskubideen errespetuaren exijentziaren gainetik, ez dago zalantzarik presoen kaleratzea funtsezko erronka dela denbora politiko berrian. Premiazkoa eta zentralitate osoa duena. Gatazkari soluzioa emango dion akordioa iritsi ala ez, erabaki kolektibo baten eskutik lehentasuna eman behar zaio auziari agenda politikoan; ahalik eta lasterren eta modu gauzagarrian. «Betiko» manifestazioen errepikapen mekanikoaren denbora joan da jada. Barrutik eta kanpotik, presoen kaleratzea martxan jartzeko ekimen indartsua behar da, oinarri herritar sendoa izango duena eta aldaketa politikoa indartuko duen ekimena. Bidea jada marraztuta dago eta esku-eskura du herri honek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo