GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Hariak askatuta, apaiza biluzik

Zaila egiten da azken egunotan SGAEk etengabean defendatu dituen sortzaileen eskubideak eta sozietateko buruei egozten zaizkien delituak maila berean jartzea. Kanon digitalak, pirateriak eta sabotajeek, jabego intelektualaren izenean, sagaratu izan dute azken urteetan SGAEren nortasun propioa. Aldareetara igo izan dituzte artisten eskubide eta beharrak defendatu dituzten santu rockeroak eta sortzaile ororen aingeru guardako izan direnak. Eliza katolikoaren pareko, betebehar eta obligaziozko sarea osatu dute fededun guztien artean, SGAEtik kanpoko alternatiba oro Satanen oinordeko jo izan duten bitartean.

Nork daki, ordea, zer ezkuta dezakeen abade nagusiak sakristiako gela ilunean. Sinestunek ez dute jakin oraino elizbarruti melodiatsuak fede hutsez utzitako atabakari errezo gehiago eskaini izan dizkiola abade nagusiak karitatezko obrei baino. Baina sareari hariak ateratzen joan zaizkio, eta apaizaren sotana puskaka erori da, fededunen aurrean biluzik geratu den arte.

Jabetza intelektualaren eta pirateriaren edo kontsumo librearen arteko eztabaidaz maiz jardun izan da azken denboretan. Inork gutxik erakutsi ahal izan du, ostera, non dagoen sortzailearen eskubideak eta sortutako horren erabilera askea banatzen dituen marra gorria. Alde batera edo bestera erori gabe balantza batean ibili izan gara, beti lerro horren gainean; batzuetan Billy Wilder-en filmografia osoa Internetetik jaisten, besteetan Zea Maysen diskoagatik 10,95 euro ordaintzen.

Ez ditu inork frogatu oraindik ere Teddy Bautistari eta gainontzeko inputatuei egozten zaizkien delituak; errugabeak behar lukete oraindik, nahiz eta zantzu guztiek kontrakoa adierazten duten.

Zalantza, kritika, sumindura eta iruzurren gainetik, Jainkoaren edo Paquito Chocolateroren izenean, argi geratu da beste behin ere betiko berberek gurutzea gainean eramaten jarraituko dutela, biziarteko penitentzia artistikotik irten ezinda. Bejondeiela haiei, ateoei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo