Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Eta proiektua?
Ezin Donostiako Kultura Hiriburutzari buruzko komentariorik ez egin. Asko (gehiegi beharbada) hitz egin da gaiaz. Hauteskundeen ostean iritsi zen interes biziko lehen unea, Bilduk hiriburutzarekiko zein jarrera izango ote zuen. Bigarrena, Bilduk proiektuarekin aurrera egitea erabakitzean etorri zen. Hirugarrena, Izagirre alkate izendatzerakoan, horrek epaimahaiaren gainean zein eragin izango ote. Eta laugarrena, aurreko astean, Donostia hautatua gertatu eta beste hainbat hirik kexa aurkeztu zutenean.
Nik zera diot: bosgarrenean agian proiektuaz hitz egiten hasiko gara? Bake eta elkarbizitzaren ingurukoa ei da; primeran. Ba al daki gaiaz behin eta berriz ari den inork nola gauzatu behar den? Zeintzuk diren ekintza zehatzak, zeintzuk aktoreak, zein proposamen orokorra? Hartu al du jendeak proiektua irakurtzeko astirik?
Hainbat gai nahasten dira hemen: horrelako gertakizunak, orokorrean, eta hala zen Odonen lehen asmoa, ekintza populista gainazalekoak dira. Aldi berean, Santi Erasok garatu du programa, eta Artelekuri hogei urtez bizia eman zion pertsonak merezi du proiektua irakurri dezagun behintzat. Bestetik, Gipuzkoak behar du premiaz kultura gainbeheratik salbatuko duen plan bat, azken bost urteak etsigarriak izan baitira. Hiriburutza horretarako konponbiderik onena ote den? Ez dut uste. Egiten ari zena baino hobea badela? Posible da. Edozein kasutan, hasi beharko Gipuzkoako errealitate kulturala sakonki aztertu eta plan zehatzak zer ekarriko dion baloratzen; eta nahikoa ez bada, proposamen eraldatzaileak egiten. Makila batek edo besteak izan, azken finean, 2016a iritsiko zaigulako.