Markel IRIZAR Radio Shack taldeko txirrindularia
Murphyren legea
Ederra martxa dakarkiguna gure Txurruk! Egun batean fisikaz, beste batean psikologiaz, hurrengoan astrofisikaz akaso? Agian, batzuek ez duzue jakingo, baina ume eta ikasle aurpegia duen Etxebarriko mutila Magisteritzan diplomatua da, eta batzuetan bere irakasle sena kanporatzen du.
Besteok, aldiz, berba jario handia baina jakituria gutxi dugunez, gai lurtarragoei buruz mintzatu beharra dugu. Izan ere, horrenbesteko formula eta liburu artean galdu egiten gara.
Ikusleentzat lehen asteko etapa hauek ezer gertatzen ez diren horietakoak diren arren -badakizue, siestatxoa botatzeko aproposak-, guk, txirrindulariok, nahikoa estres eta tentsio izaten dugu. Horrenbestez, gaur, esnatu eta euria ari zela ikusi dugunean, puffa! Berehala hasi gara zer-nolako etapa tokatuko zitzaigun pentsatzen. Aurreko egunetako tentsioa ikusita, eta euria zelarik, erorketak eta tentsioak ehunka espero genituen.
Hori gutxi ez balitz, kuadrillako Rafak mezu bat bidali dit: «Azken kilometroan nago. Kontuz jaitsierekin». Ez nuen ezer gehiago behar, txo! Baina behingoagatik, gure aurreikuspenak ez dira bete. Alde batetik, Gilbertek bere urtebetetzean irabaziko zuela uste genuen eta kale egin du. Bestetik, izugarrizko triskantza eta erorketak espero genituenean, inoiz baino txintxoago, apenas erorketa gabe, egin dugu ibilbide osoa. Hala, beste egun bat behintzat libratu dugu.
Behingoagatik, Murphy jauna, ez zara zuzen egon. Dena gaizki doanean gauzak oraindik okerrago joan daitezkeela esan ohi zenuen, baina gaurkoan zure legea ez da bete, eta eskerrak horri!
Besterik gabe, biharko Txurruren maisu lanekin uzten zaituztet. Izan ere, kuadrillakoen bisitaren aitzakiarekin, kafetxo bat hartzera goaz. Aio!