Euskaraz egoki idazteko erreminta sortu du Elekak profesionalei laguntzeko
GARA | DONOSTIA
Idazlagun aplikazio informatikoak euskaraz lan egiteko erabilgarriak diren hainbat hizkuntza-baliabide batzen ditu. Eleka Ingeniaritza Linguistikoak aurkeztu zuen atzo erreminta berri hau, profesionalek erabiltzeko sortua, bereziki mikroenpresek, baina baita enpresa txikiek, ertainek, administrazio publikoek edota freelance gisa lanean ari direnek ere.
Elena Garcia Elekako bozeramaileak nabarmendu zuenez, aplikazio berritzaile eta moderno honek abantaila anitz eskaintzen dizkio erabiltzaileari eguneroko jardunean: «Moldagarria da, gardena, programarik instalatu gabe erabil daiteke, bezero bakoitzaren beharretara moldatzeko aukera ematen du, eta gainera, urteko 365 egunetan, momentu oro, kontsulta daiteke».
Moduluz osatuta dago Idazlagun: Hiztegia moduluan hiztegietan kontsulta daiteke; Gramatikak edukien bilaketa erraztu eta iturrietara jotzeko estekak ematen ditu; eta Deklinabidean forma deklinatu guztiak ikus daitezke. Aditzen jokatzea, datak eta orduak nola idatzi, zenbakiak testuz jartzeko erreferentziak, zalantzen argibideak eta ortografia zuzenketak ere agertzen dira.
Enpresek produktibitatea, euskarazko testuen kalitatea eta lehiakortasuna hobetuko dituzte tresna honi esker. Lehen workshopa uztailaren 22an eginen dute 30 teknikarirekin. Interesa dutenek info@eleka.net-en eman dezakete izena.