Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia, liburu batean
GARA | BILBO
EHU-k «Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia» liburua argitaratu berri du. Xabier Etxanizek eta J.M. Lopez Gasenik zuzendu dute lana, eta egunotan Bizkaia Aretoan ospatzen ari dirren Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura (BizBAK) udako ikastaroen emaitza ere bada, ikastaroetan parte hartu duten adituen azterketak ere badituelako ale honek.
Egileek diotenez, euskal haur eta gazte literaturak «aurretik ezagutu ez den garapena» ezagutu du azken urteotan, eta liburuak «lehenengo idazlan modernoak agertu zirenetik gaur egunera arteko gertakariak, idazlanak eta berri nagusiak» biltzen ditu.
«Euskal literaturaz hausnartzeko, gozatzeko, eta eztabaidatzeko gunea izan nahi du, alegia, euskal literaturaren alorrari patxadaz, zuhurtziaz, baita pasioz ere, begiratuko dion leihoa izan nahi du», adierazi dute.
Atal bitan banatuta dago, eta lehenengoak sarrera historiko labur bat azaltzen du egungo egoera kokatzeko. Gainera, azken hiru hamarkadetan euskaraz idatzitako eta euskaratutako haur eta gazte literaturaren bilakaera aztertzen du. Bigarren atala, hamazazpi lanen azterketek osatzen dute, lehenengo zatia «hobeto ulertzeko eta idazlan garrantzitsu batzuk ezagutzeko» lagungarri gisa.