Andoni Olariaga | Filosofian lizentziatua
Kultura politiko berri bat lantzeko garaia
Orain hamarkada pasa Joxe Azurmendi (1941-) pentsalari zegamarrak ohartarazi zigun Euskal Herria aspaldi honetan krisian dagoela. Horrela irakurtzen dizkiogu, arretaz oraindik ere, gaurkotasun osoz, «Euskal Herria krisian» (Elkar, 1999) liburuko hainbat pasarte, besteak beste, hau: «Balioen krisia deitu ohi dena egiaz krisi sozial, kultural, politiko, etiko konplexu bat da. Aurrena, errealitate bat da, tradizioaren krisia; beste era batera -mendebaleko kulturaren- edo modernitatearen krisia ere esan ohi dena» (21. orria). Krisia, a priori, negatiboa edo positiboa baino, abagunea da: gizarte honetan paradigma politiko eta moral konkretu baten bukaera adierazten du, baina baita horrekin batera paradigma berri baten posibilitatea ere.
Krisi soziopolitiko eta moral jasangaitz batera etorriak gaude bidean, eta ondorioz ziurtasun moral, politiko, sozial eta identitario guztiak (indibidualak, nazionalak, sexualak...) birrindu zaizkigu. Absolutuak erortzearekin batera, moral tradizional katolikoa haizeak eraman zuen. Hala ere, paradoxa bat ikus daiteke, Azurmendik bere garaian bikain azpimarratua: errealitatean badaude mila absolutu, elkarbizitza arautzen dutenak (autobusean ilaran itxarotea, esaterako) eta inongo paper edo legeetan idatzita ez daudenak; eta alderantziz, badaude absolutuki sakratuak deklaratuta dauden balio batzuk, arrazoiketa handiz absolutizatuak (Giza Eskubideak kasu), baina praktikan gure kulturan batere absolutuak (izan) ez direnak (ez Estatuak ez inork konplitu ez dituelako).
Horrek konstatazio batera garamatza: elkarbizitzarako balio premiazkoenak puskatuak dituen gizarte batean bizi gara. Horrek erakusten du, balioak ez direla paper batean idatziz edo arrazoiketa handiekin deduzituz eraikitzen; aitzitik, balioak gizarte batek kultura berri bat eraikiz gorpuztu behar ditu, behetik gora. (Zentzu horretan kritikatu daiteke pazifistak ez duela bakea predikatuz bakea egiten ¯gerra bai, nahikoa¯; aitzitik, bakea posible izateko baldintzak lortzeko borrokak egiten duela bakegile).
Krisi horretan, kultura berri baterako bidean, badirudi gizartearen (eta alderdi politikoen, eragile sozialen...) eginbeharretako bat izango dela aurrera begirako auzi praktiko gisa planteatzea orain auzi teoriko abstraktu gisa planteatzen ari dena (Giza Eskubideak modu absolutuan errespetatu behar dira! ETAren biolentzia aurrera eta atzera kondenatu behar da!...). Hau da, ez biolentzia zilegi (izan) da edo ez (hor ados jarriko ez garelako), baizik eta: zer egin orain, hemen, berriro ere indarkeria politikoa inork legitimotzat har ez dezan?
Biolentziaren kontra ozenago eta dogmatikoago oihukatzearekin ere ez dira argumentuak arrazionalago bihurtuko, are gutxiago hortik kultura aske eta berri bat sortuko, ezpada katoliko apostoliko espainola (hainbat «bakezaleren» arrazoiketa teoriko absolutuek kultura berri bat eraikitzeko baino, moral gehiagotasun baten proklamazioak dirudite). Hain zuzen, Günther Anders (1902-1992) jatorri juduko poloniarrak ohartarazten zigunez, arrazionalismoaren lehen eginbeharra da arrazoiaren botereari eta haren konbikzio indarrari buruzko ilusiorik ez egitea («sólo los exaltados sobreestiman el poder de la razón»). Ilusio horretatik, arrazionalitate eta moral anitz eta diferenteez osatutako kultura baten beldurrez, arrazoimenarekin segurtasun bila (absolutuen bila) joan ohi gara, kultura aske bat baino, dogmatikoa eraikiz.
Krisi egoera horrek, beraz, balioak, morala eta elkarbizitzarako politika berri bat birpentsatzearen beharrera garamatza ezinbestean: kultura berri baterantz. Eta abagune horretan, badirudi bi irtenbideren artean aukeratu beharko dugula: 1) krisia dagoenik ukatzen dugu eta erru guztia fenomeno bati egozten diogu (ETAren 50 urteko borrokari eta haren justifikazio/kontestualizazioari errua botaz), eta ondorioz, krisia konpontzea fenomeno horren desagerpenarekin lotzen dugu; ala 2) krisia fenomeno askoz konplexuagoa dela onartzen dugu, arrazionalitate eta moral desberdinak daudela onartuz -hau da, aukera batzuk aldez aurretik a priori kondenatu gabe-.
Hortik abiatuz, krisiaren azterketa filosofiko, historiko, sozial eta moral bati ekiten diogu, krisi hori (politiko-soziala, morala...) eragin dituzten faktoreak detektatuz eta mahai gainean jarriz (behingoagatik erlatibismoaren erronkari muzin egin gabe ere). Kultura berri hori lantzeko, zailtasun praktiko baten aurrean gaude, ordea; izan ere, ETAren 50 urteko biolentzia politikaren edo filosofiaren esparrutik ulertzen saiatuz gero, ez garela biolentzia nahikoa kondenatzen ari, are justifikatzen ari garela, egotziko digute. Herri honetan ezin baita fenomeno sozial eta politiko bat filosofikoki aztertu, ezpada aldez aurretik kondenatu gabe.
Horregatik, kultura berri bat eraiki nahi bada, oinarrietan arrazionalitate tipo diferenteak onartuko dituena, erronka handienetako bat izango da kultura artxikatoliko biolento hori eta haren muturreko espresioak bukatzea (esaterako, adierazpen askatasunaren kontrako erasoa den eta Euskal Herriko alderdi politiko eta erakunde «bakezaleek» onartu duten kontzientziaren biolazio larri hori, hots, biolentziaren eta historia baten kondena moralaren exijentzia).
Kultura biolento horren barnean kokatu daiteke batzuk ETAren indarkeriaren interpretazio edo kondena historiko eta morala egin behar horretan tematzea, aurrerapausoak emateko nahitaezko baldintza gisa. (Momentu honetan Estatu terrorismoa bakarrik praktikatzen dela -eta nola gainera!- gogoraraztea ere ez da gaizki etorriko: noizko Guardia Zibila eta abarren su-etena?). Antzuak dira, eta are bake prozesuaren kontrakoak, gaur egun bakearen aldeko auto-izendatzen diren hainbat erakunde eta alderdi politikoen errebisionismo historikoa besteoi inposatzeko nahiak: are bakearen kontrakoagoak konbertsio katoliko apostolikorako saiakerak ere (bortxa kondenatu behar da, iraganaren eta formen errebisioa egin, arau «demokratikoak» onartu...).
Interpretazio historiko jakin baten inposaketa ezin da kultura berri bat eraikitzeko lehen harria izan, ez bada interpretazio desberdinen onarpenetik egiten («Lortu arte» akordioan bikain irudikatzen da hori). Ez baita makala, ez, daukagun historia luze eta mingarria, orain listo interesatu batzuek historia guztia ETAren borrokaren kondena xinple batera murrizteko... «Sei urte gerra karlistan, Bergarako bake faltsua, emigratuak milaka Ameriketara, Foruen murrizketa; berriro gerra, berriro porrota, berriro bake faltsua, Foruen abolizioa; euskal gizartearen barne urraketa sakona, diktadura militarra, errepublika apur bat eta gerra berriro, emigratuak milaka berriro, eta presoak, fusilatuak... 200 urte Estatu terrorismo, 50 urte ETA. Europan parerik ez duen memoria historiko tragikoa heredatu dugu etxeetan...» (Azurmendi, Joxe. «Espainiaren arimaz». 10. orria). Kontua hemen ez da ezer kondenatzea, baizik eta biolentzia politiko guztiak sustrai eta aldaera konplexuak dituen gatazka politiko baten testuinguruan ulertzea.
Kultura berri baten beharrean gaude. Kultura berri hori eraikitzeko, moral gehiagotasun aldarrikapenak ere albo batera utzi beharko direla dirudi. Pentsamenduaren eta heziketaren beharra izango da, kultura eta elkarbizitza eredu berriak lantzea, Joxe Azurmendik duela 15 urte esan zigun bezala. Eta paradigma berri horretan baldintza politiko bat ezinbestekoa izango da, kultura politiko eta sozial berri baterantz abiatu nahi badugu: gatazka politikoa eragin duen kausa politikoaren (Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen ukazioa) aitortza lortzea. Izan ere, ordua da historian behingoz eta lehen aldiz, Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki dezan.