GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Frantziako iraultzak biharamun tristea ekarri zuen Euskal Herriarentzat»

p014_f01.jpg

Amaia ELIXIRI eta Txomin CATALOGNE I SEGIko bozeramaileak

Aurten ere, hirugarrengoz, Segi kanpaina berezia egiten ari da uztailaren 14ko ospakizunen karietara. Gazte erakundeko bozeramaileek ekimenaren oinarrian egiten duten analisi politikoa azaldu dute. Euskal Herria bezalako herriak «zapaltzen» dituen Estatutik datozen ospakizunak eta sinboloak «arrotzak» direla argi uztea dute helburu. Are, Estatu frantsesa bera «arrotza da, hau Euskal Herria baita».

Arantxa MANTEROLA |

Pariseko Bastilla presondegia hartu zuteneko eguna, uztailaren 14a, sinbolismo handiko festa eguna da Frantziako Errepublikan. Segiko gazteentzat, ordea, «egun horretan ez dago ezer ospatzekorik».

Badira bizpahiru urte uztailaren 14ko ospakizunen harira zenbait ekimen antolatzen dituzuela. Zein da horien helburua?

T.C. Frantziak urtero egun horrekin egiten duen erabilpena salatu nahi dugu. Guretzat, berak zapaltzen duen herri batean festa «nazional bat» ospatzea probokazio hutsa da. Bide batez, hemen Euskal Herrian gaudela aldarrikatzea dugu helburu eta haien ospakizun eta sinboloak ez direla gureak, arrotzak zaizkigula argi utzi nahi dugu borroka eguna bezala ezaugarritzen dugun egun horren karietara.

Horren aitzinetik zenbait ekimen antolatu dituzue...

T.C. Bai, kanpaina hau ez dugu 14ko egunera mugatu. Gai honetan gehiago sakontzeko eta data horren esanahia hobeto ezagutarazteko, jada Tunisiako gertaeren garaian Michele Alliot-Marie ministroak izandako jokamoldeak salatzeko eta frantses inperialismoa agerian uzteko mobilizazio lana egin genuen. Maiatzean, Tauzin jenerala Ruandari buruz bere liburua aurkeztera Baionara heldu zelarik ere haren presentzia onartezina salatzeko elkarretaratzea ere egin genuen.

Askotan zuen kanpainaren helburuak ez dira ongi ulertzen. Erabili izan dituzuen metodoek -bandera lapurretak, sinboloen suntsitzeak, manifestazioak...- ez al dute nolabait zuen mezua estali?

T.C. Anitzetan, jendeak gure dinamikek jasandako errepresioarengatik izan du gure borroken berri. Gauza da batzuk soilik mezu horrekin geratzen direla eta ekimenen funtsa bilatzeko ez dutela urrunago begiratzen. Historikoki aztertzen hasita, Frantziako iraultzak badu biharamun tristea. Hasteko jakobinoek boterea hartu zuten, eta beren balioen ondorio tamalgarriak ezagunak dira, batez ere, gurea bezalako herrientzat. Aurten, gainera, bereziki landu dugu armadaren gaia. Uztailaren 14a, Errepublikaren eguna izateaz gain, armadaren goraipamena egiteko baliatzen da. Eredu kontrairaultzailea duen eta herriak zapaltzeko erabiltzen den estatu-tresna dela nabarmendu nahi izan dugu.

Beste alor batzuetan ere sakondu duzue...

A.E. Hala da. Kanpaina honekin gehiago zehaztu dugu zergatik esaten dugun Estatu frantsesak eredu zapaltzailea duela. Arlo esanguratsuenak landu ditugu mahai-inguru, iritzi artikulu eta ekintza batzuen bidez; esate baterako, hezkuntzarena. Egungo eskola zertarako, zer irakasteko erabiltzen den; asimilaziorako eta «frantses onak» bilakatzeko edota gure hizkuntza eta nortasuna ezabatzeko duen boterea aztertu ditugu. Halaber, txikitatik ikasleen fitxaketa egiteko nola erabiltzen den ere agertu dugu. Horrez gain, administrazioari, euskarari eta kapitalismoaren eredu ekonomikoari buruz ere gogoetatu dugu eta lehen aipatu bezala, armadaren funtzioan ere sakondu dugu.

Gazte, ezkertiar eta herri gisa mobilizatu

Aurten ere manifestazioa egingo duzue?

A.E. Bai. Uztailaren 14an, 17.00etan Baionako herriko etxearen aitzinean hitzordua ematen diegu gazteei bereziki. Ekitaldi bat egingo dugu eta gero manifestazioa. Herri zapaldua garela erakusteko ez ezik, proiektu politiko bat duen herria garela, berezitasun eta behar propioak dituen populua garela agerian uzteko ere baliatuko dugu. Paris Ipar Euskal Herriko ezagupenaren beharraz interpelatuko dugu berriro ere. Egungo gatazka politikoa konpontzeko ezker abertzalea bideak irekitzen ari den bitartean, Frantziaren eta Espainiaren erantzunak ukazioan eta errepresioan kokatzen dira. Horregatik, egun hori beren arduren aitzinean jartzeko baliatuko dugu batez ere. Gazte gisa, abertzale gisa, ezkertiar gisa eta herri gisa inportantea da uztailaren 14an erantzutea.

Manifestazioak ez al daude debekatuak egun horretan?

Legeak dioenaren arabera, egun horretan ezin da Estatuaren egiturei kritika egiteko manifestaziorik egin. Iaz, Biarritzen, ezin izan genuen hitza hartu pentsatua genuen bezala. Halere, berriro saiatzeko asmo tinkoa dugu. Beren legeen aitzinean intsumisio jarrera dugula erakutsiko dugu.

Beste herrialdeetan egingo al dute zerbait?

Korsikako, Bretainiako eta Okzitaniako gazte taldeekin harremanetan gara eta guztiak bat datoz uztailaren 14arekiko guk dugun filosofiarekin. Batzuk ekimenak antolatzen ari dira. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo