udate: NOLA ALDATZEN DIREN KONTUAK: zarautz
Beti izango dugu Txanela!
Haritz LARRAÑAGA I
Ogia erostera joan naiz okindegira. Neguko ohiko bost minutuen ordez, udako ordu erdia behar izan dut halako gauza sinple bat egiteko; baina gustura egon naiz ilaran, kanpotarren elkarrizketa txatxuak entzun eta katalanez mintzo zaidan turista abertzalearen galderei gomendio erantzunak eman. Giro da. Uda giroa. Urteko lehen bainua hartzeko egun ezin hobea.
Gosariarekin batera irratia entzun dut. Entzuleok arratsaldean eguzkia hartzera gonbidatzen gaituzte. Alerta laranjarik iragarri ez izanak harritu nau, haize pixka bat dagoela iruditu baitzait; baina antza, gaurkoan laranja bera da albiste, udako albistegietako izarra.
Sasoian sasoiko eguraldiarekin albisteak egin, eta albisteak ezdeus bilakatzearen artean adituak diren kazetariak arratsaldean hondartzarako giro ezin hobea egingo duela esaten ari dira. Gauzak ongi egin nahi dituztenean ere asmatzen ez duten horien ahotan, horrek zera esan nahi du: gaur arratsaldean marea goian izango dela, ez dela hondartzarik izango eta malekoiko zoru gogorrean eguzkia hartzera gonbidatzen gaituztela. Ni badaezpada ere, txaparroa jantzi eta lehenbailehen hondartzara noa, orduak pasa ahala desagertuko den lurzoru freskoaz gozatzera.
Ederra izan da bandera horian hartu dudan bainua, tonifikantea, pizgarria. Gainera, gaurkoan sorosleek ia-ia asmatu dute banderekin, gutxi falta izan zaie, izara gorria korrontea den lekuan (dagokion lekuan) jartzeko. Bainurako eremua pare-parean tokatu zait; beraz, niri bost!
Eta orain toalla zabaldu eta eguzkitara! Lehenik buruz behera jarriko naiz. Zer-nolako goxotasuna bizkar aldean. Ia-ia lo ere hartu dut; lehen eguzki errainuak jaso dituen bizkar errean bere oina jarri eta gainetik pasa zaidan ume mokoak iratzarri nau, ordea. Salto batean altxatuko nintzateke, bihurritu dizkidan hiru ornoek ematen didaten minagatik ez balitz. Eskubideak denak, betebeharrak batere ez, eta harrokeria kiloka duen umearen amari begiratu diot. «Umeak dira» keinua egin dit. Ez dut bere gainetik pasatzeko ausardiarik izan. Nik ere nire oina amatxoaren sabelean jarri, bere gainetik igaro eta tonto aurpegia jarrita zera esan behar nioke, «barka, batzuk baboak gara». Zarauztarrok kanpokoekin izan behar dugun morrontza jarrera ongi ikasia dugu, ordea, eta «arrazoi duzu» esan nahi duen keinu irrigarria egin diot, bertakook dugun jarrera sumisoan. Ez da kasualitatea autoak ardi bat sinbolo gisa duten pegatinaz josita ikustea. Ardi bat, izan daitekeen animaliarik sumiso eta epelena da. Bertakoon izaera ezin hobeto irudikatzen duen sinboloa.
Umeak ingurukoei hondarra eta baloi txupinazoak botatzen jarraitu du. Beren antzerako memelo bat izatea hautatu duten gurasoek «umeak dira» keinua egiten jarraitzen dute, bisaiaz erantzukizuna eskatzen dietenean; eta nik, toalla jaso, bizkar xehatua estoikoki zuzendu, eta ospa egin aurretik, dutxetarako bidea hartu dut.
Zein ederra den hondartzetako dutxa, malekoi altuaren gerizpean, zure gainetik oinez dabiltzanen azpialdean, behetik gorako ikuspegi dibinuan... lau hankako zakur bat agertu, hanka jaso eta txiza egiten ez dizunean. Edo dutxan zaudela, agure sufritu bat bere zangoetako zain puztuak freskatzeko oinak zure buru gainean jarri eta ur berbera partekatzen hasten denean. Edo ilaran lasai asko zaudela dutxatzen ari den atsoak, lotsagabeki nora begira zauden modu txarrez galdetzen dizunean. Ez, hobeto pentsatuta, etxean hartuko dut dutxa freskoa.
Arratsaldean, ez da hondartzarik, malekoian ez dago oinez ibiltzerik eta beste norabait joateko autoa hartu beharraren ideiak ernegatu egiten nau. Etxetik gertu ez dago non aparkatu, eta gainera, ordaindu egin behar da, baita igandetan ere; beraz, autoa erdialdetik zenbait kilometrotara daukat. Egiteko gauza bakarretako bat, bi orduko ilararen ostean helatu bat hartu, eta erdialdeko kaleetan ibiltzea da. Larunbata izaki, mozorrotuta atera behar, ordea; zeren ezkontza eta "despediden" eguna da. Kopetan zakil handi bat ez badaramazu edo gizonezkoek ditugun ohiko konplexuak estaltzeko aukeratu ohi dugun ohiko mozorroren bat soinean eraman ezean, arraroa zeu zara. Kaiola batean sartuta daukaten lehoiz jantzitako ezkongaia, Roko jaunaren zakil tentea esku artean daramaten nesken koadrila, ezkonberrien txaranga burrunbatsua... arratsaldean, arraroa zeu zara. Egunero zeharkatzen duzun zeure etxepeko kalean, arrotza zeu zara.
Tira, beti geratzen da Txanela! Larunbat gaua igande goizarekin lotzen duen diskoteka galaktikoa. Oxigeno eta segurtasun neurririk gabekoa, arriskutsua, bakarra, singularra, mila eta bat kondaira eta istorioren lekuko nahi gabekoa, arriskuzaleen habia. Ekaitz egunetako itsas korronteekin batera, kanpotarrak eta bertakoak maila berean jartzen dituen leku bakanetakoa.
Udan, gurean, ez dago arrotz sentsazioa uxatzerik. Etxean arrotzak gara. Ezbairik gabe, uda zarauztarrontzat ez da urteko sasoirik onena, baina beti geratzen zaigu Txanela!