EH Jaietan | Iruñeko Sanferminak: Entzerrua
Horia ez da parte txarreko kolorea izan, ez behintzat sanferminetako larunbatean
Ramon SOLA I
Nork esan du ba horia zorte txarra islatzen duen kolorea dela? Ez behintzat, 2011ko sanferminetako hirugarren entzierroan. Larunbatarekin batera, kolorea ekarri zuten Iruñeko karriketara ehunka bisitarik, jakina baita kanpotik etorritako korrikalari gehienek ez dutela etxekoek maite duen janzkera txuria aukeratzen. Aurtengo moda izango da, edo kasualitatea, baina atzo guztien artean kolore bat nabarmendu zen: horia.
Horiz jantzita zihoan Mercaderes eta Estafeta kaleen arteko bihurgunean zezenen aurrean erori zen mutila. Eta horiz jantzia zegoen zezen-plazan behin eta berriz adardunen arreta erakartzen saiatu zen «korrikalaria» ere. Lehenengoak ez zuen ezer okerrik egin; bai, ordea, bigarrenak. Baina biek zorte ona lagun izan zuten, zezenek ez baitzuten harrapatzeko ezertxo ere egin.
Izan ere, zezenak baino korrikalariak izan ziren atzokoan protagonista. Gauza bitxi asko ikusi genituen Santo Domingotik zezen-plazaraino; bitxiena, dudarik ez, hondarraren gai- nean 21 zenbakia zeraman elastiko horiko mutilak egin zuen igelaren figura. Honela jarri zen adarren aurrean, hankak tolestuta, ia belauniko. Antza, ostiralean zezenak harrapatutako gazte australiarra eredutzat hartua zuen honek ere. Serioski hausnartu beharko dute Iruñeko Udalekoek zezen-plazan gertatzen ari den guztiari buruz; kanpotik datozenei argi azaldu beharko zaie zezenen aurrean ezin dela horrelakorik egin, eta hobe dutela bost minutu itxaron eta trebezia horiek bigantxen aurrean egitea. Hor goitik behera biluzik ere korrika egin daitekeela erakutsi zuen atzo gizon batek.
Adarkada bat, oharkabean
Bestela ere, azkar joan zen lasterketa. Hain azkar, non adarkada bat ere gertatu zen zezen-plazara sartzeko unean, baina ia inortxo ere ez zen ohartu. Mont de Marsan-eko gazte batek jasan zuen, 23 urtekoa, eskuin izterrean. Ez dago larri.
Beste hiru zauritu izan ziren, arinagoak. 26 urteko mutil batek, Valentziatik etorriak, kolpe bat zuen bularrean. Pontevedrako 30 urteko beste gizon batek, orkatila bihurritu zuen eta erietxera eraman behar izan zuten sendatzera. Eta beste pertsona bat ospitalera bidali zuten, aurpegian kolpea zuelako. Lan gutxi, beraz, sendagileentzat.