GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Batu baino hobe, Bildu

Gogoan dauzkat auzoko gau-eskola garaiko eskolak, batzuetan goizez ema- ten zirenak. Hainbat zalantzak dudaz beteta uzten ninduen gelarako bidean, esateko modu hau edo hori euskara batua ote zen. Euskarak geroa izan zezan batua behar zuelakoan. Batu, beraz. Baina berba batua ote? eta erdu?. Badaezpada ere, sartu eta artezean ikasleei zuzen begiratuta eskua altxa, erregea Gasteizeko kaleetan ohi legez, eta hau atzamarra da! esaten hasten nintzen eskola ematen. Hura sasoia!. Garai hartakoa da, oker ezean, Hiztegi Batua bera ere. Zenbat aldiz jo nituen nik haren orriak, aurrera eta atzera, mendi barreneko monasterio ezkutu hartako monjeek kamasutraren erliebezko bertsiokoak jo bezala, h-dun berbek h-dun izaten segitzen zuten jakin minean, irrikan. Zertara dator pasa den mendeko konfesio hau? a! bai, euskara batuaz nengoen, Hiztegi Batuaz. Horra, Estatu Batuak, Nazio Batuak, Lantegi Batuak, Erresuma Batua... normal hartzen dugu han-hemen zer hau edo hori batua izatearena, egoki ere hartzen dugu, nahiz eta ondo jakin batuak ez dakarrela beti bat izatea.

Hortaz, izena eta izana ez datoz beti bat. Are gutxiago politikan, sozialista, popularra... izena eta izana, tira! eta Nazioarteko Moneta Funtsa! honek funtsik baleuka sikiera. Baina horienak goia jo du! Meteosatek berak orbita aldatu behar izan du Araba gainetik pasatzean, horienak hain goian joa!. Ezker Batua izenekoaz ari naiz. Ene, ene!. Akabua! Batek daki, Jainkoa bera ere jakin minean omen dabil, politika non amaitzen den eta fikzioa non hasi, honetan fikziorik balego behintzat. Udako bazkalostean ikusteko foiletoi serie luze baterako haina materia bada hor, gris gutxi, aparteko gidoilaririk kontratatu behar barik ere. Ama, ama!. Eskerrak gurean Bildu ipini zela!. Kontuak kontu, zerikusirik ez baitago Batua eta Bildu horien artean. Batua ez da bat, begi-bistan denez; eta Bildu ez da bi. Bietan dira hamaika, baina Bildun uzta bilduta, eta Batuan.... Libiako tribuek batuago ematen dute. Tira! izenak izen, gauzak gehiago nahasteko horiena ez da Batua bakarrik, Ezker ere dute aurrizki! Akabua ere! eta Berdeak atzizki!. Horra, Ezkerra eta Eskerra ez da gauza bera, Zornotzako gure torero zaharrak zioena gogoan, esker oneko sabeldunak. Berdeak? gorritzeko modukoa!. Eta Bilbon BBK Life, izen ederra gero! hiltzear den kutxa batentzat Life izatea!. Akabua!.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo