Kronika | Gernika itsasuntzitik
Isiltasuna
Eliot, T. S. Ez nator bat haren harako harekin: Otsaila hilik krudelena. Hilik krudeleena uztaila da. Uztailaren erdi aldera jo zuten kolpea kriminalek, 1936an. Kriminal haien ondorengoek uztailean itxi zuten Egin egunkaria, 1998an.
Edorta JIMENEZ I Idazlea
Eta hemen uztaila dena Hego Hemisferioan iraila izan daitekeenez, adibidez, orduantxe jo zuten beren kolpea Txileko kriminalek, 1974an. Odol uzta, uztailean. Ez, Eliot ez. Becket, Pirandello, Kafka, horiexen lanetara jo behar izango genuke. Sargazo Itsaso honetan gertatzen ari zaiguna azaltzeko. Zera, inexistenteak garela adierazteko.
Egunkari ustez handietan begiratu dut, E.H.eko espainoletan. Ez gara, ez gaude. Gure kideetako batzuk Espainiako Erresumak Atenasen duen enbaxadan sartuak diren arren. Antza ez gara espainolak. Uztaileko uzta, edo odola edo bestela isiltasuna. Hedabideen Aliantza Sainduaren, gu guztiok kontrolatzen gaituenaren ezinbesteko babespean. Norenak dira ostera hedabideok? Galdera honen erantzunaren hariaz josi ahal da atzo utzi nituen azken galderen erantzunak. Liburu zenbaitetik hartuak.
Atenasen geundelarik, ekainaren 23 honez gero urrunean, ekimen honetan izan diren kideen artean nork zein liburu ekarri duen galdetzea otu zitzaidan. Nik neuk bakarra neukan ekarrita; «Las cruzadas vistas por los árabes». Argi dago zergatik. Bestela, galdetzen ere hasia nengoen. Asmoa laster bilakatu zen asmo huts. Hil bereko 24an, Donibane eguna hain suertez, ferrya hartzeko agindu zigutenean. Halaxe ontziratu ginen Maria Pulido, Elbira Souto, Willy Toledo eta laurok. Nasan jakin genuen nora gindoazen. Kretara. Zehatzago, Haina izeneko herrira. Ezin ba beste inori liburuez hitz egin.
Donibane egun hartan ostatu hartu genuen. Eta hantxe agertu ziren gu lauron liburuak. Willyren biak, guztiz ederrak. Historia social del flamenco eta «El odio a Occidente». Harira datorrena bigarrena da, jakina. Egilea, Jean Ziegler (Suitza, 1934), nazioarteko politikan adituenetakoa. Liburuak mahai gainean uzten digu galdera tituluak berak dakar.
Zer dela eta dio Gorroto, letra larriz, Hegoaldeak, hau ere letra larriz, beti letra larriz idazten den Mendebalderi. Gorroto baitigute. Kretaz bezalako irletan Turismo Sisteman bizi garen mendebaldarroi. Eta tituluak zer uzten digun mahai gainean, azpitituluak liburuaren azken proposamena dakar. «Hegoaldeko herriek, libreak izateko, oroimena eta identitatea berreskuratu behar dute». Esaldiak berak belarrondoko galanta ematen dio Mendebaldean nagusi den ideologiari. Mendebalde horrek ez baitu azken bostehun urte honetan egin eta eragin dituen sarraski, triskantza, odol-jario eta hondamenen oroimenik nahi. Ez du bere iragana gogora ekarri gura. Horretara, Hegoaldean egin era eragindako horien oroimenik barik, autismoan bizi gara mendebaldatarrok.
Mendebaldeko erakunde nagusiek, Munduko Moneta Funtsak eta NATOk esate baterako, Hegoaldean gorrota eragiten segitzen dute. Eta guk Turismo Sisteman atseden, Hegoaldean ahal delarik. Israel Estatu izeneko nazioarteko enpresa, politikan behintzat, Mendebaldea gorrotatuena da.
Atzoko kronikan mahai gainean utzi nituen galderei erantzuten joateko liburu egokia Zieglerena, `Gernika' ontziko norbaitek are egokiagoa ekarri du. "Gaza en crisis», Noam Chomsky eta Ilan Pappék sinatua. Chomskyk aurkezpenik behar ez duenez, esan Ilan Haifan jaioa dela, 1954an. Liburuaren ezker belarrian dakarrenarekin bat, Israelgo «historialari berrien» ildokoa da. Ba, intelektual biok liburuan dakarten tesi nagusietako bat Ilanen beste liburu baten tituluan dugu laburturik: «La limpieza étnica de Palestina». Serbiak «Balkenetako Gudatea» eritzi zitzaion hari «etnia garbiketa» irizteko erabili ziren parametroetan sartu behar da Palestinan sionistek 1948an egin zutena. Herri, herriska eta aldiri osoak suntsitu eta lurrazaletik erauzi, jendeak alde egitera behartu, besteak masakratu, leku izenak aldatu eta kontaezinak diren gehiegikeriak eta demasakoak. Humanitatearen kontrako krimenak, egundaino auzitara eroan ez direnak. Nork daki baina horren berri? Ez da Hedabideen Aliantza Santuak gogoko duen gaia.
Gu geu ere ez gara Espainiar Erresuma izeneko Nazioarteko Enpresan delako Aliantzak duen sarearen gogoko. Hortik isiltasuna. Ba isiltasun horren nondik norakoa ulertzeko Cadizeko José Escribanok ekimen honetara ekarri ez zuen liburu bat badago. «Traficantes de información», Pascual Serrano kazetariak idatzia. Willyk, Serrano eta bera elkarren lagun handiak edi dira, beste bat aipatu dit, bere ustez hobea; «Desinformación; Cómo los medios ocultan el mundo».
Atzoko galderei erantzuten joateko beste liburu asko ere aipa daitezke, jakina baino jakinago. Ontzira etorri direnak eta aipatu direnak aipatu ditut. Irakurtzeko gonbit eginez. Bart etorri zitzaizkigun sionestek berriro galdetu baitzidaten, Zer da hangoaz dakizuna?
Uztaila da. Gernika ontziari itsasote luzea izango duela igartzen diogu. Ez da Kafavisek Ithaka olerkian erakutsi zuen gurariagatik izango luzea, zera, sorterrira jakintsuago itzultzeagatik. Hala ere, olerkian hark dioen legez, bidaia eskertuko dugulakoan nago. Bizi ari garen garaigatik. Gogora Elioten Burnt Nortoolerkiaren hasiera dakarkit gogora: Dembora presentea eta dembora pasatua / Acaso daude presente biac dembora futuroan, / Eta dembora m futuroa contenituric dembora pasatuan. Horrela balitz, denbora pasatuaren oroimena berreskuratu beharko genuke. Guztiok. Baita errakuntzen uztarena ere.